Prekaritateak «hil» egiten duela salatu dute sindikatuek
Joan den «aste tragikoan» lan istripuetan hildako lau beharginak izan zituzten gogoan, atzo, Bilbon
BILBO. Lan baldintza kaskarrek eta behin-behinekotasunak ondorio latzak izan ditzakete langileentzat, eta, horregatik ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuen ustez, lan osasun eta segurtasunaren gaiak Eusko Jaurlaritzaren agendan egon behar du, «prekaritateak hil egiten duelako». Joan den astean Euskal Herrian lau behargin hil ziren lan istripuetan, eta beste bosgarren bat amiantoak eragindako gaitz baten ondorioz hil zen. Heriotza horiek salatzeko eta halakoak errepika ez daitezen eskatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo sei sindikatuek Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren atarian. Neurri eraginkorragoak eskatu zituzten , «baina neurriek dirua balio dute, eta enpresek ekoizpena lehenesten dute prebentzioaren aurretik». Joan den asteko heriotzak salatzeko, UGT sindikatuak ere elkarretaratzea egin zuen Bilboko bere egoitzaren atarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu