Prezioak. Hamar urteko bilakaera

Prezioak, mendi errusiarrean

Hamar urtean batez beste ia %24 garestitu dira Hego Euskal Herriko etxeetan gehien kontsumitzen diren produktuak; badira bikoiztu eta erdi preziora jaitsi direnak ere.

Miren Garate.
Donostia
2014ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Orain hamar urte 1.000 euro irabazten zituenak ia 1.240 euro irabazi behar ditu gaur egun orduko eros ahalmena mantentzeko. Soldata eguneratu hori duenak lehen baino zertxobait errazago ordainduko du etxeko alokairua. Alabaina, ez du lehen adina arrautza frijitu jaterik izango, arrautza ia %40 garestitu baita tarte horretan, eta olio eta koipea ere, dezente. Ez da elikagaien joera orokorra, inflazioaren eta elikagaien bilakaera erakusten duten lerroak ia elkarren gainean baitoaz. Arroparena, berriz, azpitik, batik bat emakumeena. Batek baino gehiagok erabiltzen ditu bidaiak erretzeari uzteko motibazio moduan. Bi egunean behin erretzen zuen Marlboro kaxaren dirua eltzeitsuan gorde zuenak, 2004an, 474 euro aurreztu zituen, Kanariar Uharteetan astebeteko oporraldia egiteko adina akaso. Aurten gauza bera egiten duena urrutixeago ere iritsiko da, 870 euro pilatuko baititu eltzeitsuan. Hori bai, bidaia antolatuak %19 garestitu dira hamar urtean; inflazioaren azpitik, beraz, haiek ere.

Etengabe aldatzen dira produktuen salneurriak, batzuenak besteenak baino gehiago. INE estatistika erakundeak 37 azpiproduktutan banatuta eskaintzen du etxean gehien kontsumitzen diren produktuen prezioen bilakaera. Azken hamar urteetan gehien garestitu direnen zerrendan, tabakoa ageri da lehen postuan. Prezioen jaitsiera soilik hiru multzotan ikusten da, handiena ikus-entzunezko, argazkigintza eta informatika euskarrietan.

TABAKOA

Zerga biltzaile

Marlboro markako kaxa 2,59 euroan zegoen 2004an; orain, 4,75 euroan; Lucky 2,22 eurotik 4,35 eurora pasatu da; eta Ducados, 1,89 eurotik 4,45 eurora. «Tabako prezioaren %83 zergak dira. Estatuak, urtez urte, diru sarrera handiagoak nahi izaten ditu, eta, orduan, urtero zergak igotzen ditu», azaldu du Jose Luis Duo Gipuzkoako tabako saltzaileen elkarteko presidenteordeak. Ez dago ados gobernuen «pentsatzeko modu» horrekin. «Zergak zenbat eta gehiago igo diru gehiago bilduko dutela uste dute; beste produktu batzuekin akaso hala izango da, derrigorrean kontsumitu behar direlako, baina tabakoa ez». Aurten oraindik ez da igo prezioa, «beldurrez» daude, baina azken urteetan ohikoa izan da urtero bizpahiru aldiz garestitzea. «Hainbeste garestituta, kontsumitzaileak bestelako gauzak bilatzen ditu, edo tabako merkeagora pasatzen da, edo kontrabandoko tabakoa erosten du. Eta tabako horrekin ez du ezer irabazten estatuak». Kopuru bat eman du Duok: 3,95 euro. Haren esanetan, hori da gaur egun tabako kaxak izan dezakeen preziorik baxuena. «Hortik behera, ekoizleak dirua galtzen du».

ARGINDARRA, GASA...

Etxean geratzea, garesti

Kaleko bizitza inflazioaren azpitik garestitu da azken urteotan. Aisiari eta kulturari lotutako produktuak, jatetxeetako otorduak, hoteletako egonaldiak... Etxean geratzea bera bihurtu da garesti, argindarraren, gasaren eta bestelako erregaien igoera sekulakoa izan baita. Pil-pilean dagoen gaia da argindar tarifena, are gehiago joan den abenduan Espainiako Gobernuak enkante sistema baliogabetu eta eredu berria martxan jarri zuenetik. Kontsumitzaile elkarteen arabera, lehia falta da tarifa garestien eragile. Hamazazpi urte dira Hego Euskal Herriko merkatua liberalizatu zenetik. Espainiako merkatuaren %98, ordea, bost konpainiaren artean banatzen dute. Elektrizitate konpainiek, aldiz, zerga handiak jotzen dituzte errudun, eta faktura ulergaitzetan argi azaltzen dute fakturaren %60 inguru zergak direla.

Apiriletik, handizkako merkatuko prezioak kontuan hartuta finkatzen dira prezioak. Estreinako hilabetean beherapena izan bazen ere, baikortasunerako motiborik ez du ikusten Jon Ariño Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoko presidenteak. «Hainbesteko indarra du argindar konpainien lobby-ak... Iruditzen zait hasieran akaso jaitsiko direla fakturak, jendearen haserrea baretzeko, baina laster kexatuko dira berriro enpresak tarifa defizitaz, eta berriro igoko dira». Ariñoren iritziz, «zerbait susmagarria» badago merkatu horretan. «Esango nuke elkarri ez erasotzeko itunen bat dutela, baina kasu honetan lehia batzordeak ez dira bereziki eraginkorrak». Prezioak merkatzeko, banaketa kooperatibetan du jarria itxaropena: «Halakoetan zenbat eta gehiagok izena eman, aukera gehiago egongo da arrakasta lortzeko, eta bi txori hilko dira tiro batekin. Gutxiago kutsatuko da, energia berriztagarriak erabiliko direlako, eta hasi ahal izango gara, neurri txikian bada ere, konpainia handiek duten botereari aurre egiten».

IBILGAILUEN MANTENTZEA

Gastuak ez du etenik

Etxearen atzetik, autoa izan ohi da familiek egiten duten erosketa garestiena. Gastua ez da bukatzen, ordea, ibilgailua ordaintzearekin batera. Azken hamar urteetan, hari lotutako ondasun eta zerbitzuak dira gehien igo direnetakoak, %59 hain zuzen. Multzo horretan sartzen dira gasolina eta gasolioa. Haien kasuan, %40tik gora osatzen dute zergek. BEZari dagokionez, tasa orokorra dute; beraz, azken urteotan %16tik %21era igo zaie kopurua. Prezioaren ia beste erdia da petrolioaren nazioarteko kotizazioa. Brent upelak 27,84 euroko batez bestekoa egin zuen 2004an; joan den urtean, berriz, 77,71 eurokoa. Faktore askok eragiten dituzte gorabeherak upelaren salneurrian, tartean herrialdeen arteko tentsio politikoak.

IKUS-ENTZUNEZKOAK

Behera teknologiaren abiadan

Ez dira hainbeste urte argazki kamera digitalak, telebista plasmadunak edota smartphone-ak merkatuan agertu zirenetik; gaur, ia etxe guztietan daude. Azkar mugitzen da teknologia. Etengabe ordezkatzen du zaharrak berria, baita prezio zaharra merkeagoak ere. Hamar urtean, erdi preziora baino gutxiagora jaitsi dira halako euskarriak. Hego Euskal Herria ez da salbuespena. Ipar Euskal Herrian, Frantzian eta Erresuma Batuan ere ikus-entzunezko produktuak merkatu dira gehien. Ez bakarrik gailuak, baita haien erabilera ere, produktu horiek sarri komunikazioekin ere bai baitute lotura. Argi ikusten da sakelako telefonoaren kasuan. Argindarraren merkatua bezala, telefonoena ere orain hamazazpi urte liberalizatu zen. Telefonoenean, ordea, lehia bermatuta dago; bezero bakoitzaren konkistan murgildu dira azken urteotan konpainiak. Erraza da operadorez aldatzea, eta azken bi urteetan merkatua irauli du Internet bidezko operadore birtualek hartutako indarrak. Espainiako datuen arabera, 2012an 5,2 milioi bezerok aldatu zuten konpainia. Europatik etorritako hainbat neurrik ere lagundu dute jaitsieran, esaterako nazioarteko deiak merkatzeko obligazioak.

SENDAGAIAK

Gehiegi jaisteak ere, arriskua

Berrordainketaren gaiak nahiko saltsa sortu badu ere, sendagaiak, produktu farmazeutikoak eta material terapeutikoa merkatu egin dira azken urteotan. Ez da eskaintza eta eskaera kontuengatik izan, sendagaien prezioa gobernuak erabakitzen baitu. Funtzionamendu propioa duen merkatua da. Industriak sendagai bat komertzializatu nahi duenean, prezio bat proposatzen dio gobernuari, eta hark erabakitzen du onartu edo ez. Gastu publikoaren kontrolari lotutako legeen eraginez, merkaturatu eta urte batzuetara jaitsi egiten da sendagaiaren salneurria. Halaber, sistema publikoak molekula bakoitzeko prezio txikiena ordaintzen du, eta sendagai gehienak errezeta publikoarekin erosten dira. «Gobernuak finkatzen badu prezioa, eta gobernuak ordaindu behar badu, zer egingo du? Ahalik eta gehien murriztu prezioa», azaldu du Juan del Arco Bizkaiko Farmazialarien Elkargoko zuzendariak.

Hogei urterako patenteak eskuratu ohi dituzte sendagai berri bat merkaturatzen dutenek. Lehen hamar urteak gutxi gorabehera ikerketan pasatu behar izaten dituzte. «Demagun 1992an eskuratu zuela norbaitek patentea, eta ehun euroko prezioa onartu ziola gobernuak. Hamar urte ikerketan pasatu ostean, 2002an aterako du produktua merkatura, ehun euroan. Urte batzuetara, legeek hala behartuta, portzentaje bat jaitsi beharko du prezioa, eta 2012an patentea iraungi egingo zaio. Beraz, beste ekoizle batek molekula bera sintetiza dezake, baina patente eskubideak ordaindu gabe». Lehiakideren batek prezio hobea eskainiz gero patentearen jabeak ere hala egiten duela dio Del Arcok, gobernuak soilik preziorik merkeena pagatzen duelako. Ekoizleen arteko borroka hori, berez, gizartearentzat ona dela uste du, prezioak merkatzea ekartzen duelako. «Alabaina, prezioak asko jaisteak ere badu arriskua: batzuetan ekoizleak erabakitzen du ez dela errentagarria sendagaia ekoiztea, eta egiteari uzten dio; beraz, osasun arazo jakin batentzat existitzen zen botika bat galdu egiten du gizarteak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.