Lan gatazkak

Productos Tubularesen lanaldia murrizteko dosierra negoziatzen hasiko dira bihar

Hamalau hilabetez, lanaldia %45 jaitsi nahi die enpresak langile gehientsuenei.

PTko langileen protesta bat, artxiboko irudian. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Iker Aranburu.
2018ko azaroaren 29a
13:09
Entzun

Iturri sindikalek Efe agentziari azaldutakoaren arabera, komertzialak, mediku eta erizainak, eta giza baliabideetako langileak bakarrik geratuko dira enplegua erregulatzeko espedientetik kanpora.

Productos Tubularesek (PT) 407 langile ditu gaur egun, eta hodiak egiten ditu Trapagaranen (Bizkaia). Tubos Reunidos enpresa arabarraren filial bat da, eta hark bezala, petrolio industriaren inbertsioaren erorketa eta Donald Trumpek Europako Batasuneko altzairu inportazioari jarritako muga zergen kaltea jasaten ari da.

Zuzendaritzaren asmoa da urtarrilean hastea lanaldiaren murriztearekin, eta 2020ko otsailera arte irautea erregulazioak. Haren baldintzaren negoziazioa bihar da hastekoa, eta beste lau bilera egitea aurreikusi dute zuzendaritzak eta sindikatuek.

Lanaldia murriztu aurretik, enpresa kaleratzeen bitartez saiatu zen bere kostuak txikitzen. Langileek protesta biziak egin zituzten, eta zuzendaritzak 157 langile kaleratzeko dosierra bertan behera uztea erabaki zuen.

Tubos Reunidosen egoera

Productos Tubularesen negoziazioa batu egingo zaio Tubos Reunidosen ezarriko denari. Enpresak 15,7 milioi euroren galerak iragarri ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetan eta Amurrioko lantegiko 700 langileetatik 660ri lanaldia erdira murriztuta egin nahi dio aurre. Erregulazio hori negoziatzeko epea akordiorik gabe bukatu da.

Langileek protesta egin dute gaur goizean erregulazioaren aurka, taldeak Bilbon dituen bulegoen aurrean. Enpresaren egoera kaskarra zuzendaritzaren kudeakuntzari egotzi diote, eta industria plan bat eskatu dute taldeari bideragarritasuna bermatzeko. Duela hilabete eta erdi, Tubos Reunidosek Guillermo Ulazia presidentea kendu zuen, eta haren ordez Jorge Gabiola jarri zuen. Kudeaketa arazoak baino, sindikatuekin harreman tirabiratsuak izan zituela argudiatu zuen Amurrioko enpresak.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.