Prudentzio beroegia

Joseba Barandiaran Andueza.
2010eko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Prudentzio deunaren egun beroa Gasteizen ospatu zena. Burtsan, aukeran, beroegia gertatu zen: %3 galdu zuen Ibex-35 indizeak, S&P rating etxeak Espainiako erreinuari kaudimen kalifikazioa AA mailara jaitsi zion egunean. Ez da harritzekoa: prudentzia ez, ausardia erakutsiz, eurogunea azkenetan egon ote daiteken otu zaio jakintsu bati baino gehiagori. Greziarako erreskatearen kopurua hirukoiztu izana, su bero hori itzaltzeko asmotan dator; domino efektua saihestu beharra dago. Euroak 1,31 dolar balio ditu oraindik ere, baina gure indizeko bi bankurik handienak izan ziren Eurostoxx-50eko gehien jotakoak (-%1,77); bero kolpeak. Aurtengo lehen hiruhilekoan iazko mozkinei eutsi arren, %4,76 galdu zuen BBVAk eta Santanderrek berriz %4,18. Dena den, ING, Credit Agricole nahiz Unicreditek ere %3na pasa galdu zuten. Bilbon %6na pasa galdu zuten Telecinco eta Mapfrek. Salerosketak ia su hartu zuen, 5.175 milioiren markarekin.



Ia bost milioi langabe eta defizit itzela dituela, Espainia BBVAren mozkinen zati garrantzitsua da oraindik ere. Mexikon bere mozkina %4 jaitsita, berankortasunari eta mozkinei eustea ez da nahikoa argudio izan kotizazioa salbatzeko.



Grezia erreskatatzeaz asko hitzegiten den arren, beronen hartzekodunak zeintzuk diren ere kontuan hartu beharko litzateke. Alemaniako eta Frantziako bankuek Greziak jaulkitako 64.000 eta 107.000 milioiren zorra dute euren zorroetan. Ez lozorroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.