EAE-ko aurrekontuak

PSE-EEk uste du posible izango dela aurrekontuak adostea

Negoziatzen hasteko baldintza egokiak daudela dio. EH Bilduk adierazi du ahal duen guztia egingo duela murrizketak saihesteko.

Idoia Mendia eta Iñigo Urkullu, lehendakariak alderdiekin egin zuen bileratako batean. RAUL BOGAJO, ARGAZKI PRESS
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko urriaren 30a
11:17
Entzun

PSE-EEk begi onez begiratzen dio Eusko Jaurlaritzak 2015erako aurrekontuetarako egin duen proposamenari. Jaurlaritzak sozialisten eskaerak aintzat hartu dituela dio, eta, beraz, oinarri ona dela negoziatzeari ekiteko. «Proiektuak nahiko baldintza biltzen ditu», esan du Jose Antonio Pastorrek, PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak.

Pastorren hitzetan, enplegua sortzeko diru gehiago egongo da datorren urteko aurrekontuetan, zerbitzu publikoei eustea ahalbidetuko du proiektuak, eta beharrik handiena dutenak babestuko ditu. Zehaztu duenez, horixe eskatu zion PSE-EEk Jaurlaritzari, eta, beraz, gustura dago Iñigo Urkulluren gobernuak izandako «jarrera aldaketarekin».

Aurrekontuei dagokien programa bakoitza zehatzago aztertzeari ekingo dio orain PSE-EEk, eta mahai gainean duen proiektua «hobetzeko» proposamenak egingo ditu, Pastorrek adierazi duenez.

EH Bilduk ez du horren balorazio ona egin Jaurlaritzak iragarritako proiektuaren inguruan. Haren ustez, aurkeztutako aurrekontuak «jarraipenerakoak» dira, eta horrek ez du hobetuko egungo egoera. Oskar Matute, Leire Pinedo eta Unai Urruzuno legebiltzarkideek azaldu dutenez, proposamenak ez die erantzuten herritarren beharrei. Ohartarazi dute orain arte bezala segituta gizartea murrizketen bidean jarraitzera «kondenatuko» dutela; hezkuntza, osasun eta gizarte gaietan, esaterako, galerak areagotuko direla.

Hala ere, EH Bilduk dio ez duela etsiko; norabidez aldatzeko «proposamen argia» egingo duela koalizioak eta akordioak lortzeko ahalegina egingo duela. «Aurkeztutako oinarria gure gustukoa izan ez arren, ados jartzeko eta murrizketak saihestuko dituen aurrekontuak lortzeko asmo sendoa dugu».

Eztabaida sakona eskatu du horretarako; lehentasunak zehaztu eta horien araberako proposamena gauzatzeko. Izan ere, Matuteren hitzetan, Jaurlaritzak PSE-EEren eskaerak txertatuta egin duen proposamenak ez du egoera iraultzeko aukerarik emango: «Jaurlaritzak PSE-EErekin egin duen akordioarekin ez dira geldiaraziko murrizketak».

PPk ere egon nahi du

PPren ustez, Jaurlaritzak eta PSE-EEk egina dute «akordio itxia»; bien artean soilik adostu nahi dituzte aurrekontuak, eta hori ez dela nahikoa iruditzen zaio. Hark ere sartu nahi du negoziazioetan. «Herri ardurarekin» jokatzeko eskatu die, eta ez dezatela «alderdikeriaz» jokatu. EAJ eta PSE «truke politikoan» ari diren susmoa du.

UPD izan da aurrekontuen proposamena gogorren kritikatu duena. Jakinarazi du «sorpresa izugarririk ezean» ez dituela kontuak babestuko eta osoko zuzenketa aurkezteko asmoa duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.