U-27ko greba orokorra

PSOEk CiUren babesa lortu du erretiro adin ofiziala atzeratu ahal izateko

Erretiroa luzatzeko proposamenak progresiboa izan behar duela onartu dute Kongresuan

jakes goikoetxea
2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
PSOEk eta Zapaterok garaipen sinbolikoa lortu zuten atzo Espainiako Kongresuan. Sinbolikoa, baina garaipena, Kongresuak onartu egin baitzituen Toledoko Itunak pentsioen sistema aldatzeko egindako 21 gomendioak. 334 diputatu alde eta hamar kontra (IU, ERC, BNG eta NaBai). Baina hori baino garrantzitsuagoa da atzo CiUk iradoki ziona Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteari: pentsioen erreforma babesteko prest egon daitekeela lege aurreproiektua Senatura eta Kongresura iristen denean.

Espainiako Gobernuak etzi onartuko du pentsioen sistema aldatzeko lege aurreproiektua. Sindikatuekin akordioa lortu edo ez. Toledoko Itunaren gomendioen eta Kongresuaren babesa izan edo ez. Atzo gomendioek eta Kongresuak erretiro adina atzeratzearen kontra egin balute ere, Zapatero kolpe horiek onartzeko prest zegoen. Gainera, gomendioak ez dira bete beharrekoak.

Baina azkenean Kongresuaren gehiengoak Toledoko Itunaren gomendioak onartu zituen. Gomendio orokorrak dira, Espainiako Gobernuari nahi duen erreforma egitea ahalbidetzen diotenak: erretiroa atzeratzea, pentsioa kalkulatzeko kotizazio urte gehiago aintzat hartzea, pentsioa jaso ahal izateko urte gehiagoz kotizatu behar izatea, erretiro aurreratuak mugatzea, pentsio sistema pribatuak bultzatzea...

PSOEk atzo lortu zuen testuak erretiro adin ofiziala atzeratzearen kontrako aipamenik ez izatea. Alderdi gehienen zuzenketak atzeratzearen kontrakoak ziren; baina PSOEk eta CiUk beste zuzenketa bat hitzartu zuten eta EAJk eta CCk ere zuzenketa horrekin bat egin zuten.

Zuzenketa hori onartu zuten, eta gainerako guztiak atzera bota zituzten. CiUren babesaren truke PSOEk aldaketa batzuk onartubehar izan zituen: erretiro adin ofiziala atzeratzekotan, prozesuak «progresiboa» izan behar duela, ez «homogeneoa eta bortxazkoa»; erretiro adin erreala atzeratzeko araudiak malgua eta mailaz mailakoa izan behar duela; lan bizitza luzatzeko pizgarriak eskaini behar direla; eta pentsioa kalkulatzeko orduan kotizatutako urte gehiago aintzat hartu behar direla.

Adierazgarria da CiUk atzo bere zuzenketan egin zuen aldaketa:hasieran esan zuen erretiro adina atzeratzea «ezinbestekoa» eta «beharrezkoa» ez dela, eta gero, «progresiboa» izan behar duela.

Erreformarekin bat

Espainiako Gobernuaren erreforma proiektuaren barruan sartzen diren proposamenak dira CiUrenak, beti ere progresibo, mailaz mailako eta malgu hitzek izan ditzaketen muga lausoen barruan.

Atzoko eztabaidak alderdi bakoitzak parlamentuko prozeduran izan dezakeen jarrera erakusteko balio zuen, eta CiUk itxaropena eskaini zion PSOEri.

Badaezpada, Josep Antoni Duran i Lleida Kongresuko CiUren bozeramaileak argi utzi nahi izan zuen atzo PSOErekin lortu zuten akordioak ez duela esan nahi Espainiako Gobernuaren proposamena onartuko dutenik. «Gaurko baiezkoak ez du esan nahi etorkizunean ere baietz bozkatuko dugunik», zehaztu nahi izan zuen.

Emilio Olabarria EAJko diputatuak atzo ez zuen argitu bere alderdiak etorkizunean izango duen jarrera. Espainiako Gobernuaren erreforma kritikatu zuen, pentsio sistemaren etorkizuna ez dagoelako erretiro adinaren mende bakarrik. Olabarriarentzat sistemak malgua izan behar du, erretiro adinaren eta kotizatutako urteen arteko harreman egokiagoan oinarrituta.

Kongresuan Toledoko Itunaren gomendioei buruz eztabaidatzen zuten bitartean, Espainiako Gobernuko ordezkariak eta CCOO eta UGT sindikatuetakoak erreformari buruz negoziatzen ari ziren. PSOE jada hasi da onartzen ezingo dutela akordiorik lortu etzi erreforma proiektua onartu aurretik. Hala bada, hurrengo asteetan negoziatzenjarraituko zutela esan zuen Valeriano Gomez Lan ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.