Lan merkatuaren erreforma hitzartuarekin bere agintaldiko lehen garaipen politikoa lortu du François Hollande Frantziako presidenteak. Baina poza kontrako eztarritik joateko aukera badago oraindik, parlamentuan artean ez baita gehiengo argirik ikusten patronalek eta sindikatu batzuek lortutako akordioa aurrera ateratzeko. Eskuinak zer egingo duen ez dago guztiz garbi, eta ezkerrean erreformaren aurkako ahotsak gero eta ozenago entzuten dira, baita Hollande PS Alderdi Sozialistaren barruan ere. Erreformaren ondorioz, enpresek erraztasun handiagoa izango dute langileak kaleratzeko eta haien lan baldintzak aldatzeko. Trukean, langileek zenbait eskubide sendotu dituzte, etaprekarietatea mugatzeko urratsak egin dituzte.
Igandean, Marisol Touraine Gizarte Arazoetako ministroak lan erreforma sostengatzeko deia egin zien gehiengoaren aldeko talde guztiei. «Hauxe esan nahi diet parlamentariei: behin akordio bat badagoela, gizarte eragileen borondatea errespetatzen jakin behar da». Ekologistak eta batez ere PSko diputatu ezker- tiarrenak zituen buruan ministroak. Eta atzo erantzun zioten, Tourainek gogoko izango ez dituen hitzekin. «Akordioa ez da onargarria, zenbait aurrerapausok inolaz ere justifika ezin dezaketen atzerapauso sozial asko daude testuan», ziurtatu zuten Emmanuel Maurel PSko burukideak, Jerome Guedj diputatuak eta Marie Noelle Lienemann senatariak. Orain Ezkerra taldeko kideak dira hiru horiek, eta parlamentuko eztabaidan aldaketak egiteko eskubidea aldarrikatu zuten. Antzeko iritzia jakinarazi zuen Benoit Hamonen sektoreak ere.
PSrengandik ezkerrerago, Ezkerreko Fronteak ere baztertu egin du testua. Haren iritziz, Medef patronala irten da garaile negoziazioetatik. «Segurtatu den bakarra da malgutasun handiagoa izango dela. Kontratu mugagabeari eraso egiten zaio […], eta arauen hierarkia auzitan jarri da: soldatapekoek ezingo diote uko egin beren kontratua okertzeari enpresa barruko akordioa baldin badago. Hein batean, akordioak gure eredu sozial eta errepublikanoa hausten du». Ezkerreko Fronteak dei egin die parlamentari sozialistei eta ekologistei «atzerapen sozialari» aurka egiteko. «Testua ezin da pasatu!».
Komunistak eta haien aliatuak ez dira ezinbestekoak testuak aurrera egin dezan Asanblea Nazionalean —sozialistek gehiengo osoa dute, eta ekologistek eta erradikalek lagun diezaiekete—, baina zeresan handia izan dezakete Senatuan, batez ere eskuinak aurka egiten badu.
Halakorik ez da espero, patronalaren malgutasun eskaera batzuei erantzuten dielako testuak. Oraingoz, ordea, motel, sakabanaturik eta iritzi garbirik gabe hartu du eskuinak lan merkatuaren erreforma. Batzuek gutxietsi egin dute —Eric Woerth Lan ministro ohiak ukatu egin du Hollandek akordioari eman dion izaera «historikoa»—; beste batzuek motz geratu direla diote —«enpleguaren aldeko neurririk ez da ageri», esan du Arnaud Robinetek—; etagutxi batzuek ontzat jo dute—«elkarrizketa sozialaren arrakasta da», Jean Louis Borlooren UDI zentristaren arabera—. Baina batez ere deigarria izan da Marc Phillippe Daubresse UMPko idazkari nagusiaren albokoaren azalpena iritzi bateraturik eza justifikatzeko: «UMPren lehentasuna guztientzako ezkontzaren aurka borrokatzea da».
Zatiketa sindikala
Bost sindikatu eseri dira negoziazio mahaian hiru patronalekin, eta haietako hiruk eman diote baiezkoa: CFDT erreformista, CFTC kristaua eta CGT koadro edo erdi mailako arduradunen ordezkaria. Aurka azaldu dira, berriz, komunistekin edo ezker muturrarekin harreman estuena duten bi taldeak, CGT eta FO. Azken horiek sinatzaileek baino ordezkaritza handiagoa lortu zuten 2008ko prud'homme edo lan auzitegietarako hauteskundeetan: %50 haientzat eta %39 sinatzaileentzat.
PSren sektore ezkertiarrenak lan erreforma aldatu nahi du Asanblean
Eskuinak ez du eman lan erreformari buruzko iritzi garbirik, eta Ezkerreko Fronteak parlamentuan geratzeko deia egin duPatronalek eta hiru sindikatuk lotutakoa ez aldatzeko eskatu du gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu