Lan merkatua

Puntu erdi bat igo da langabezia EAEn, %11,5era arte

Eustaten arabera, urteko hirugarren hiruhilekoan 914.200 pertsona zeuden okupatuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, aurrekoan baino 9.000 gutxiago.

Lanbideko bulego bat. MARISOL RAMIREZ /ARGAZKI PRESS
xabier martin
2017ko urriaren 20a
14:27
Entzun

Bizkaian igo da gehien langabezia (+3.000), eta tasa %12,8koa da; Gipuzkoan (+1.100) ere igo da, eta tasa %9,1ean kokatu da, hiru hamarren gehiago; Araban ere gora egin du langabeziak (900), eta %12,1ekoa du tasa, puntu erdi gehiago.

Jarduera tasa %56,3koa izan da uztailetik irailerako hiruhilekoan, aurreko epean baino bi hamarren gutxiago. Bizkaiak 7.500 pertsona okupatu galdu ditu, Gipuzkoak, 1.200, eta Arabak, 200. Emakumeen artean gertatu da okupazioaren jaitsiera guztia: 11.300 emakume gutxiago dago kontratu batekin lanean; gizonezkoen artean, berriz, okupazioa igo egin da, eta 2.400 gehiago daude okupatuak orain.

Zerbitzuetan (1.300 gutxiago), eraikuntzan (500) eta nekazaritzan eta arrantzan (300) gertatu da okupazioaren jaitsiera. Industriak, berriz, gurditik bultzatu du, eta 3.200 langile gehiago zenbatu ditu urteko bigarren hiruhilekoaren aldean. Horiek horrela, okupazio tasa (16 eta 64 urte bitartean dauden okupatuen portzentajea biztanlego osoarekiko) %66,5ekoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren multzoan. Lau hamarren jaitsi da uztailetik irailerako hiruhilekoan. Gizonen artean, %70,5ekoa da, eta emakumeen artean, %62,4koa.

Gipuzkoak dauka okupazio tasa handiena, %68,7koa, aurreko hiruhilekoaren tasa bera; Arabak %67,2koa dauka, bi hamarren gehiago; eta Bizkaiak %64,9ko tasa dauka, hiruhilebetean ia puntu bat galdu ondoren. Guztira, 914.200 pertsona okupatu daude hiru lurraldeetan, aurreko hiruhilekoan baino 9.000 gutxiago (%1).

Ia 42.000 familia kide okupaturik gabe

Eustaten arabera, 878.000 etxetan ez zegoen pertsona aktiborik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Familia guztien erdiek, ordea, kide aktibo guztiak dituzte okupatuak; aurreko hiruhilekoan baino 6.000 familia gutxiago daude multzo horretan, ordea. Beste aldean, pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten familiak, alegia, 41.900 dira, 2.900 gehiago azken hiruhilekoan.

Gauzak horrela, jarduerari buruzko biztanlegoaren inkestak dio 118.900 pertsona dabiltzala lan bila modu aktiboan, apiriletik ekainerako hiruhilekoan baino 5.000 gehiago. Langabezian dauden emakumeen multzoa 62.300koa da (+7.900), eta gizonezkoena, 56.600koa (-2.900). Horrek %11,5eko langabezia tasa islatzen du, aurreko hiruhilekoan baino puntu erdi gehiago. Gizonezkoen langabezia tasa %10,4koa da (-%0,6), eta emakumezkoena, %12,7koa (+%1,7).

Gazteen langabezia tasa oso altua da oraindik Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan, %21,6koa hain zuzen, 2,5 puntu portzentual gehiago. Guztira, 8.600 gazte daude langabezian (16 eta 24 urte arteko kide aktiboak).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.