Rachid Taha oker dabil: iraultza ezin omen da musikarekin soilik lortu, berripaper honi adierazi zionez; baina, burtsan bederen, bistakoa da baietz: herri arriskuaren musika melodikoagoa bihurtu izana (Espainiaren kasuan) nahikoa aitzakia izan da Ibex-35ek (+%2) poz jauzi bat egiteko. Bezperan ikusmina, zalantza eta gorabehera txikiak zirena, dantza eta poza bihurtu ziren atzoko saioan. Greziak 1.625 milioiren zorra saldu izana opera sinfoniko gisa hartu zuten txerritxo ehiztariek, eta 1.894 milioiren nola halako salerosketarekin, berde-beltzez margotu zituzten ekranak. Utikan gorriak! %2na pasa irabazi zuten Bankinter, Banesto, BBVA eta Santander bankuek; %1,52 dantzatu zen Edurnezuri, eta, dantzatzeko ezgai izan ziren bakarrak, Ebro (-%0,8) eta Indra (-%0,08) izan ziren. OHL (+%4,15) izan zen oihu ozenena egin zuena, eta euroa ere, biziberriturik, 1,27ra bidean da. Musikagatik edo ez, aste gutxian irauli da haren itxura.
Etxebizitza sektorean eragin handia izan dezakeen berria: Espainiako Bankuak urrirako arau berria jarri du martxan, finantza erakundeek bereganatu eta 24 hilabetez saldu ez dituzten higiezinen %30 zuzkidura bidez galera gisa kontabilizatu dezaten. Hartara, bilanetan pilatu duten adreilua mugitzen has dadin pizgarriak ematen ditu. Bigarren etxebizitzen kasuan %40koa izango da zuzkidura. Bankuen bilanetan luzaro mantentzen diren higiezinekin galera gertatzen dela onar dezaten nahi du gainbegiraleak. Saltzeko pizgarriak emanez, bistan dena.
Rachid oker dabil
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu