Bruselako goi bileretan ez ezik, Espainiako auzitegietan ere lana emango du Bankiak. Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ontzat hartu du UPD alderdiak Bankiako 33 arduradun ohien aurka jarritako salaketa, eta inputatu gisa deklaratzera deitu ditu. Haren aurrean azalduko dira Rodrigo Rato Bankiako presidente ohia, Francisco Verdu kontseilari ordezkaria —dimisioa eman zuen atzo—, eta Jose Luis Olivas BFAko buru ohia, baina baita ere Bankiako administrazio kontseiluan eseridiren Espainiako mundu politiko eta ekonomikoko hainbat pertsonalitate. Haien artean, Angel Acebes Barne ministro ohia etaArturo Fernandez CEOE patronaleko lehendakariordea.
Bost delitu leporatzen dizkie UPDren salaketak: kontuak eta balantzeak faltsutzea, administrazio iruzurtia egitea, gauzen prezioa aldatzeko trikimailuetan aritzea, eta bidegabeko jabetzea. Bankiaren burtsaratzea, bankuko arduradunei edo alderdi politikoei emandako maileguak, buruzagien sariak eta aurkeztutako kontuak ikertuko dituzte.
UPDrena ez da Bankiako arduradunen aurkako salaketa bakarra. M15 mugimenduak, Adicae bankuen erabiltzaileen elkarteak eta Manos Limpiasek ere eskatu dute bankuko arduradunak auzipetzeko. ELAk eta Galiziako CIG sindikatuak, berriz, arduradun politikoen aurkako salaketa jarri zuten Auzitegi Gorenean. Jose Maria Aznar, Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Mariano Raxoi presidenteei, haien ekonomia ministoei eta Espainiako Bankuko azken gobernadoreei «ekonomia bankuen mesedetan jartzeko konspirazio batean parte hartzea» leporatu diete.
Bankuen kudeaketarekin lotutako beste auzibide zabal daiteke Bartzelonan. Hango Fiskaltzak erabaki du ikertzea deliturik ba ote dagoen CatalunyaCaixako buruzagiek beren buruei emandako kalte-ordain eta sarietan. Erakunde hori nazionalizatuta dago iaz geroztik.
Rato eta Bankiako beste buruak iruzurragatik ikertuko dituzte
Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute bankuko 33 buruzagik, inputatu gisa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu