Desagerpena eragozteaz pozik da Donostiako Reala. Bilboko burtsan ere, 12.000 puntuen maila galtzear egon zen Ibex-35 (+%0,1), eta, eutsi zionean, gaitzerdi. Urteko maximoa. Erabakita dagoen futbol partidaren azken minutuen parekoak dira egunok akzio azokan: txerritxo ehiztari asko oporretan, 1.148 milioiren salerosketara iritsi ezina, %0,04nako igoera irrigarriak bi banku handienetan, berri makroekonomikorik eza, eta mozkin berriak urtarrilean, lehen mailan, zabalduko diren jakintza. AEBetako kontsumitzaileen konfiantza fitxatzeak ere (bigarren hilabetez gora egin du Conference Board izeneko indizeak), nekez eusten dio ilusioari: mozkinak, emaitzak, urtarrilean plazaratuko dira eta, gaur-gaurkoz, zabalik egotea da burtsaren lorpen nagusia. Gamesak (+%2,3) eta Ferrovialek (+%1,83) jaso zuten atzo txalo gehien. Filialak, Renovablesek (+%1,52), Iberdrolari (+%0,15) aurrea hartu zion atzo; 6,83 euroan da jada Gardoki aurrelaria.
Polaris.Espainian, Murtzia erkidegoan hirigintzan jardun duen Polaris taldeko 15 filialek, erdiak, hondoa jo zuten atzo. Kaudimen gabezia 100 milioiren zorrarekin iritsi da 700 langile dituen taldera. Banco Popularrek (-%0,95) eta zenbait kutxek igarriko diote.
Kutxak NH Hotelesen (-%2,93) duen partaidetza %6,14koa da. CNMVri atzo jakinarazi dionez, sindikatu egin du bere partaidetza hori, Espainiako zenbait aurrezki kutxen kontrolpeko Hoteles Participadosek duen %5,42rekin.
Realaren errealitatetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu