Volkswagenen dieselgate auziak piztu zuen susmoa duela urte batzuk auto ekoizle guztiei begira, eta, orain, eskandalu horren anaia txikia izan daitekeena urrats handia egiten hasi da Frantzian. Frantziako justizia Renault konpainia ikertzen ari da 2017. urtetik, hain zuzen, diesel motorretan iruzur egin duelakoan isuri kutsakorrak neurtzeko sisteman. Bada, gaur, Renaultek berak jakinarazi du inputatu egin dutela, gardentasun itxura helarazteko saio batean. Auto konpainiak ezagutarazi du hogei milioi euroko fidantza jartzera derrigortu dutela, eta jaso ditzakeen isunak pagatzeko liratekeela horietako hemezortzi milioi.
Baina Frantzian lehertu den eskandaluaren kopuruak handiagoak izan daitezkeela pentsatzeko arrazoiak badira, justiziak hartutako neurriak kontuan hartuta. Hogei milioiko fidantza horrez gain, 60 milioi euroko banku bermea ere ematera derrigortu dute Renault, bezeroei balizko kalte ordainak pagatu ahal izateko. Konpainiak, berriz, errugabe dela azpimarratu du, eta ez duela inolako araurik urratu. Bere gasolio motorretan isurien kontrolean iruzur egiteko mekanismorik ez dagoela esan du argi, lerro artean Volkswagenen auziari erreparatuta, betiere. "Renaultek beti errespetatu du Frantziako eta Europako araudia", esan du ohar batean.
Frantziako Gobernuak zenbait ikerketa abiarazi zituen 2015. urtean, Alemaniako dieselgate auziaren itzalean, auto ekoizleak kutsadura araudia errespetatzen ari ote ziren finkatzeko. Segolene Royalen Ekologia Ministerioak irregulartasun batzuk atzeman zituen Renaulten zenbait modelotan. Teknikoek ikusi zuten Capture eta Espace diseletan ez zetozela bat kutsadura kopuru errealak eta homologazioan jasotakoak. Duela sei urte abiatutako prozesu horrek justiziaren ekinaldia eragin zuen 2017. urtean, eta, orain, berriz, Renaulten inputazioa iritsi da.