Renaultek 2.000 langile gehiago kaleratuko ditu Europa osoan

Irailaren hasieran, egoera ekonomikoa dela-eta 4.000 lanpostu kenduko zituela esan zuen enpresak

ERREDAKZIOA
2008ko irailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Europa osoan 2.000 lanpostu kenduko dituela iragarri zuen atzo Renaultek. Lanpostu horietatik 900 Frantzian galduko dira, eta gainontzeko 1.100ak Europako 15 estatutan. Hala ere, ez zuten zehaztu zenbat lanpostu kenduko diren herrialde bakoitzean. Neurriak batez ere, entitate komertzialetako beharginei eragingo die, eta ez lantegietakoei. Guztira, 6.000 pertsona geratuko dira lanik gabe, Frantzian beste 4.000 lanpostu deuseztatuko zituela iragarri baitzuen enpresak irailaren 9an.

«Borondatezkoa»

Lanpostu galera «borondatezkoa»izango da, Renaulten arabera. Atzo, zuzendaritza enpresa batzordearekin elkartu zen berregitura plana onartzen duten langileei zein kaleratze baldintza ezarriko zaien eztabaidatzeko: besteak beste, jasoko dituzten kalte-ordainak.

Uztailaren 24an Carlos Ghosn Renaulteko presidenteak Europan lanpostuak murrizten eta kontratu berriak izozten hasiko zirela azaldu zuen. Salmenten jaitsierari irtenbide hori eman dio Renaultek, baina lehengaien garestitzeak, eta batez ere petrolioarenak ere zerikusi handia izan du horretan. Hala, «egoera ekonomikoari eta finantzarioari aurre egiteko» gastuak %10ean murriztea du helburu konpainiak.

Atzo, langile talde batek protesta egin zuen Saudouvillen (Frantzia). Industria gunerako sarbidea blokeatuz, herri horretan Renaultek duen lantegian 1.000 lanpostu ezabatuko direla salatu nahi izan zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.