Doako bonuak aldirietan eta tarteko distantziako trenetan, eta %50eko deskontua Avant zerbitzuetako multibidaia abonuetan. Gaurtik aurrera, Renferen erabiltzaileek tren zerbitzuetako doako bonuak eta deskontu bonuak eskatu ahal izango dituzte Internet bidez, nahiz eta ez dituzten jasoko abuztuaren 24ra arte.
Eskariak egiteko epea aurrez irekitzearen helburua da erabiltzaileek denborarekin egitea izen ematea. Hala, hilaren 24tik aurrera jaso ahal izango dituzte deskontu bonuak, eta irailaren 1etik abenduaren 31ra arte erabili. Renferen webgunean edo app-ean eman daiteke izena.
Bonuak doakoak dira, baina aldiriko trenen erabiltzaileek hamar euro utzi beharko dituzte berme modura. Hura bueltan jasotzeko, gutxienez hamasei bidaia egin beharko dituzte neurria indarrean egongo den lau hilabeteetan: hileko lau. Tarteko distantziako trenetan, berbera izango da funtzionamendua, baina bermea hogei euro izango da.
Espainiako Gobernuak ekainean iragarri zuen inflazioari aurre egiteko garraio publikoaren prezioak jaitsiko dituela. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako garraio publikoan ere prezioak %50 merkatuko dituzte, eta Nafarroan, berriz, %30.
Neurria indarrean jartzeko, Espainiako Ogasun Ministerioak 210 milioi euro transferituko dizkio Renferi.
Mugi, Barik eta Bat
Madrilen neurriak ez die Renferen erabiltzaileei soilik eragingo. Mugi, Barik eta Bat txartelen erabiltzaileek ere %50eko beherapenak izango dituzte irailaren 1etik urtea amaitu arte, txartela erabil daitekeen zerbitzu guztietan: Euskotren, Lurraldebus, Bizkaibus, hainbat herritako autobus zerbitzuak...
Deskontu horiek izateko, ez dute tramiterik egin beharko erabiltzaileek.