Auto salmenta

Renove plan berriak autoa erosteko laguntzak murriztu ditu

Gasolina edo gasolio bidezko autoak erosteko laguntza 1.000 eurora murriztuko da. Kotxe elektrikoenak, berriz, 3.000 eurokoak izango dira.

2020ko urtarrilaren 29a
09:54
Entzun

Bihar jarriko da martxan Eusko Jaurlaritzak eta Energiaren Euskal Erakundeak bultzatutako bigarren Renove plana. Iazkoak bezala, bost milioi euroko aurrekontua izango du auto zaharrak berriekin aldatzeko planak, baina erdira murriztuko dira onuradun bakoitzarentzako diru laguntzak. Erakundeen esanetan, txatarra bilakatuko diren ibilgailuen kopurua bikoiztea du helburu; iazko 2.411 ibilgailuetatik, 5.000 ingurura. Urteko auto salmenten %10 litzateke.

Gasolina edo gasolio bidez funtzionatzen duten autoak erosteko diru laguntzetan nabarmenduko da nagusiki murrizketa. Horiek 1.000 euroko laguntza jasoko dute, iazkoaren erdia; betiere, A energia ziurtagiria badute. Hidrogenoarekin edo energia elektrikoarekin funtzionatzen dutenek, berriz, 3.000 euroko laguntza izango dute. Tarteko laguntzak izango dituzte gas naturalen bidez ibiltzen direnek eta hibridoek.

Diru laguntzak jaso ahal izateko, ezinbestekoa da autoak hamar urte baino gehiago izatea —zazpi urte, furgoneten kasuan—. Horrez gain, auto berriek 25.000 euroko gehienezko kostua izan beharko dute, 40.000 eurokoa elektrikoen kasuan. Furgonetek ez daukate finkatuta gehiengo preziorik.

Iaz, 2.411 ibilgailu zahar kendu ziren zirkulaziotik planari esker. Auto berriei dagokienez, horien %62,5 gasolina edo gasolio bidez funtzionatzen duten autoak izan ziren; %18,8, hibrido ez entxufagarriak; eta %11,5, petrolio gas likidotua erabiltzen dutenak.

Energiaren Euskal Erakundeak eta Jaurlaritzak gaur aurkeztutako diru laguntzetako bat izan da Renove planarena. Denera, 20 milioi euro bideratuko dituzte energia kontsumoa murrizteko ekintzetara; 10 milioi euro energia berriztagarriak bultzatzeko, eta beste hainbeste eraginkortasun energetikora —tartean, Renove planeko 5 milioi euroak—.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.