Renove planak martxan jartzeko aurrekontua nabarmen mugatzea erabaki du Industria Sailak datorren urtean. Krisi garaian kontsumoa sustatzeko asmoz abiatu ziren programa horietarako lau milioi euro emango dituzte, aurten baino sei milioi euro gutxiago.
Merkataritza sailburuorde Pilar Zorrillak azaldu zuenez, ekonomia pizteko ekimen horiek ez dira erabat alboratuko, baina, diru laguntzen ordez, bestelako formula batzuk lehenetsi nahi dituzte. Hain zuzen ere, Gabonen ostean egingo diren beherapenen ondotik, saltokietan sustapen berezia antolatu nahi dute, doako erosketetan oinarrituta. Neurri horren bidez, bezeroei eta dendei laguntzea espero du departamentuak. Edonola ere, leihoak, galdarak eta kontsumo gutxiko etxetresnak erosteko, Renove planak egiten jarraitzea espero du gobernuak.
Orotara, 396 milioi euroko aurrekontua izango du Industria Sailak. Iazkoa baino txikiagoa bada ere, inbertsio gehien egingo den urtea izango dela ziurtatu zuen Bernabe Unda sailburuak. Guztira, 326 milioi euro izango dira. Hori bai, kopuru horretan sartuta dago aldundien ekarpenen soberakinei esker orain dela aste batzuk Jaurlaritzak onartu zuen Inbertsio Plan bereziaren dirua ere. Industriari 48 milioi euro dagozkio.
Berrikuntza departamentuaren ardatz nagusia izango dela azaldu zuen Undak Eusko Legebiltzarrean. 210 milioi euro berrikuntzarekin lotutako gaietan gastatuko dira. Gastuak murrizteko politikarekin jarraitu, eta 17,5 milioi gutxiago izango dira, sailburuaren arabera.
Renove planentzako dirua %60 jaitsiko du Industria Sailak
Bernabe Undaren departamentuak 326 milioi euro emango ditu inbertsioetarako, aurrekontuaren %82
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu