'Rider'-en Europako legea oztopatu dute hainbat estatuk

Lan arloko Espainiako Estatu Idazkariak Europako gobernu kontserbadoreei egotzi die 'rider'-en legea blokeatzea. Hurrengo seihilekoan jarraituko dute negoziatzen, EBko Kontseiluaren Belgikako presidentetzarekin.

GLOVO
Glovoren banatzaile bat Donostiako kaleetan. JON URBE / FOKU
inaut matauko rada
2023ko abenduaren 22a
15:30
Entzun

Duela bederatzi egun, Europako Parlamentua eta Europako Batasuneko Kontseilua ados jarri ziren rider-en legeari babesa emateko, eta estatu kideek gaur eman behar zioten baiezkoa, baina ez da horrela izan, legeak ez baitu behar adina estaturen babesa jaso. Espainiak du EBko Kontseiluaren presidentetza 2023ko bigarren seihilekoan, eta Yolanda Diaz buru den Lan Ministerioak bultzatu du gehienbat legea.

Lan arloko Espainiako Estatu Idazkari Joaquin Perez Reyk EBko gobernu kontserbadoreei egotzi die legeari babesa eman ez izana: «EBko Espainiaren presidentetzak bultzatutako Plataforma Digitalen Araudia onartzea galarazi dute EBko gobernu kontserbadore eta liberalek». 5,5 milioi langile inguruk egiten dute lan plataforma horientzat Europako Batasunean; gehienek banaketa lanak egiten dituzte.

5,5

Plataforma digitalek Europan dituzten langileak, milioitan.Rider-en legeak 5,5 milioi langile babestuko lituzke Europan. Hori da plataforma digitalek duten langile kopurua, eta gehienek banaketa lanak egiten dituzte.

Espainiako presidentetza bozketa egin aurretik jabetu denez araudiak ez zuela nahikoa babes izango, 27 gobernuen ordezkariek ez dute bozkatu ere egin. Hori dela eta, araudi hori onartzea hurrengo presidentetzaren lana izango da: Belgikarena.

Araudiaren neurriak

Araudiaren helburu nagusia da plataforma horientzat lan egiten duten autonomoak erregularizatzea; izan ere, pertsona askok egiten dituzte banaketa lanak enpresa horientzat, eta langile autonomo gisa aritzera behartzen dituzte, nahiz eta gehienetan enpresa horiek ordutegiak eta lan kargak inposatzen dizkieten.

Legea onartuz gero, eta aldaketarik ez badago, langile bat soldatapeko langile dela ebatziko dute ondorengo bost baldintzetatik bi betetzen badituzte: langileen gehienezko ordainsaria ezartzea; haien lana gainbegiratzea; egin beharreko lanak adjudikatzea eta kontrolatzea; lana antolatzeko ordutegia aukeratzeko orduan mugak jartzea; eta itxuraren eta jarreraren inguruko arauak ezartzea.

Kasuren batean soldatapeko langilea dela ebatziz gero, enpresaren ardura izango da plataformaren eta langile autonomoaren artean lan harremanik ez zegoela demostratzea. Glovo, Uber, Just Eat eta Deliveroo dira enpresa ezagunenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.