Banatzaileak

Riderrak ostalaritzako hitzarmenean sartzeko eskatuko dute sindikatuek

Laster hasiko dituzte lan itunen negoziazioak Hego Euskal Herrian. 1.200 euro inguruko soldata eta subrogazioa bermatzeko eskatuko dute

LAB sindikatuko eta Riders por Derechos plataformako kideak ostiral honetan Iruñean egindako agerraldian. LAB
jokin sagarzazu
2021eko ekainaren 25a
12:59
Entzun

Glovo, Deliveroo eta gisako plataforma digitaletako banatzaileen lan baldintzak egonkortzera deitu dute sindikatuek. Epaitegiek autonomo faltsuak zirela aitortu eta soldatapekoak izan behar direla ebatzi ostean eta Espainiako Gobernuak sektore horri buruzko legedia indarrean sartu ondoren, ELAk eta LABek nabarmendu dute hurrengo urratsa behargin horientzako lan hitzarmena lortzea izan behar dela. Zehazki, ostalaritzako itunean sartu nahi dituzte. Sindikatuen ustez, une garrantzitsua da hori eskatzeko, laster hasiko baitira Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako ostalaritza hitzarmenen negoziazioak, riderren egoera erregularizatzeko asmoz.

ELAk jakinarazi du ate hori irekitzeko aurreakordio batera iritsi dela Confebask Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresarien elkartearekin. Sindikatu horrek du gehiengoa (%47) hiru lurralde horietako ostalaritza sektoreko mahaian. ELAk dagoeneko sinatu du lehen hitzarmen bat, zehazki supermerkatuentzako banatzaileentzat. 1.200 euroko hamalau ordainsaria jasotzen ditu lanaldi osoa egiten duten beharginentzat, subrogaziorako eskubidea aitortzen die, eta lan erreformaren aurkako klausulak jasotzen ditu, besteak beste. Ekainaren 24tik dago indarrean.

Ostalaritzarentzat lan egiten duten banatzaileen kasuan, ELAk azaldu du astelehenean deituko dituela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako mahai sektorialak, lurralde bakoitzeko hitzarmenen soldatak, funtzioak, subrogazio eskubidea eta gainerako edukien aplikazioa negoziatzeko asmoz.

Bestelakoa da Nafarroako egoera. Han UGTk du gehiengoa (%42,34). Sindikatu horrek ere asmoa agertu du plataforma digitaletako banatzaileak lan hitzarmenetara batzeko. Helburu horrekin, LABek kanpaina bat abiatu du Riders por derechos plataformako langileekin batera. Zehaztu dute riderrak lurraldeko ostalaritza ituneko hirugarren kategorian edo taldean sartu nahi dituztela. Horrek suposatuko luke 1.123 euroko hileko soldata oinarria, lanaldi osoko beharginen kasuan. Horrekin batera, hitzarmenean subrogaziorako eskubidea bermatzeko eskatuko dute eta riderren lan espezifikoari erantzuten dion erregulazioa txertatzeko, besteak beste.

Autonomoen kuotak

Lan hitzarmenaz gain, behargin horien egoera fiskala erregularizatzeko eskatzen ari dira sindikatuak. Azpimarratu dute haietako askok errenta aitorpenak autonomo gisa egin badituzte ere, Espainiako Gobernuaren legediak aukera ematen diela soldatapeko beste edozein langilek bezala aitortuak izateko, baita 2020ko errenta kanpainan ere. LABek gogoratu duenez, Nafarroako Ogasunak bi banatzaileri autonomoen kuotak itzuli dizkie: 3.000 eta 7.000 euro, hurrenez hurren.

Sindikatuek, halaber, gogoratu dute Espainiako Kongresuak onartu duen legediaren arabera plataformek abuztuaren 12ra arteko epea dutela langileen egoera erregularizatzeko, soldatapeko egiteko. LABek salatu duenez, enpresa horietako arduradunak «kaleratzeekin eta lanaldi murrizketekin beldurtzen» ari dira langileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.