Enpresak

Rolls Roycek Ingalaterrako fabrika bat sartu du ITP Aeron

Hucknalleko lantegiak beste 700 langile gehituko dizkio Zamudioko taldeari

ITP Aeroren egoitza nagusia, Zamudion. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2021eko maiatzaren 10a
12:40
Entzun

Abenduan iragarri bezala, Rolls Roycek beste lantegi bat sartu du bere euskal adarrean, ITP Aeron. Aurrerantzean, Zamudioko enpresaren parte izango da Hucknall herriko lantegia (Ingalaterra). 700 langile ditu Hucknalleko fabrikak, eta hegazkinetarako motorretarako osagaiak egiten ditu.

ITPk beste hiru lantegi ditu Ingalaterran: Lincolnen, Rugbyn eta Whestonen.

Transferentziaren helburu nagusia ITP Aero erakargarriagoa egitea da, eta haren truke diru gehiago lortzea. Rolls Roycek 2016an erosi zion Senerri hark ITPn zuen zatia, eta ITPren jabe bakarra bilakatu zen. Iaz, ordea, euskal adarra salgai jarri zuen, azken urteetan pilatutako zor handia txikitzeko asmoa baitu. Ingalaterrako enpresak 2.300 milioi euroko prezioa jarri zion ITPri, baina gutxiagorekin konformatuko dela erakutsi du. 1.500 milioi eurotik beherako eskaintzak ez egiteko eskatu die interesatuei. 

Hautagaien bila

Prezioa ez da, ordea, operazioa zailtzen duen elementu bakarra. Kontua da Espainiako Gobernuak beto eskubidea duela, ITP «sektore estrategiko bateko enpresa» delako, hegazkin militarrentzako ere egiten dituelako motorrak. Madrilek ez du nahi ITP Espainiatik kanpoko inbertsio funts baten esku geratzea, funts horien helburua izan ohi baita enpresa kosta ahala kosta errentagarri egitea eta urte gutxiren buruan saltzea, prezio handiago baten truke.

Espainiako Gobernua bere eremuko industria enpresa batzuei eskatu die eskaintzak egiteko. Eskaera jaso dutenen artean legoke CAF trengilea, Cinco Dias egunkariak kaleratu duenez. Beasaingo enpresako iturriek ez diote BERRIAri baieztatu nahi izan horretarako asmoa dutenik, baina beste iturri batzuek aukera baztertu dute.

Lan gatazka baten erdian dago orain ITP Aero. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen joan den astean 87 langile kaleratzeko erregulazio espedientea, eta langileak berriro hartzera behartu zuen. 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.