Bakarrizketa

Roomba, txinatarrek xurgatua izateko puntuan

Roomba xurgagailu automatizatu bat. BERRIA
Roomba xurgagailu automatizatu bat. BERRIA
Irune Lasa.
2025eko abenduaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Amamak liluratuta begiratzen omen zion garbigailuari biraka, errekan arropak garbitzen laztutako gaztaroko eskuak gogoan. Zahartzaroa hurbiltzen ari den seinale izango da: etxera itzultzean liluraz begiratzea hautsik gabeko zoruari eta bere etxean dagoen Roomba xurgagailuari.

Edo belaunaldi gutxiago izatea aurretik eta gehiago atzetik; azken horiek, gainera, Siri-ri eskatzen diote gogoraraz diezaiela garbigailukoak esekitzeko amaren agindua. 

Hori ere ikusi behar. Hala ere, eztabaidaezina da Roomba xurgagailuen arrakasta.

Honezkero 50 milioi Roomba robot xurgagailu salerosiko ziren, 2002. urteaz geroztik. Baina, hain zuzen, haiek asmatu eta merkaturatzen lehena izan zenak, IRobot konpainiak, kiebra jo du aste honetan. 

Nola liteke horrelako arrakasta izan eta kiebra jotzea?

Arrazoi bat baino gehiago dago IRoboten erorikoa esplikatzeko. Haietako bat lehia izan da: IRoboten Roomba baino xurgagailu automatizatu merkeago eta politagoak daudela merkatuan, haietako gehienak Txinako marketakoak. 

Txinako industriaren ahalmena, hemen ere. 

Eta oraingoan merkatu guztia hartzen, Roombak ere Txinan ekoitzi baitira azken urteetan. IRobot konpainia AEBetan sortu zuten MIT Massachusetts Institute of Technologyko hiru ingeniarik, eta AEBetako Gobernuaren laguntza izan zuen, besteak beste defentsa arlorako robotak egiteko. 

Eta xurgagailuak egiten amaitu zuen?

Xurgagailu automatizatuen merkatuan nagusi zela eta errentagarritasun handia ematen zuela ikusita, diru erraz eta bizkorra nahi zuten akziodunek defentsa arloa eta ikerketa arloa uztera bultzatu zuten IRobot. Eta, lehen esan bezala, ekoizpena Txinara eramatera. Eta zer gertatu da aurten Txinako produktuekin AEBetan?

Muga zergak?

Hori da. IRoboteko zuzendariek bazekiten Donald Trump itzuliz gero Txinaren inguruko ziurgabetasuna piztuko zela, eta ekoizpenaren zatirik handiena Vietnamera aldatu zuten. 

Ene...

Bai, AEBek Vietnami %46ko muga zergak ezarri zizkioten. Gerora %20ra apaldu dira, hala ere. Bada, dena den, IRobot hala egotea Bruselari leporatzen dionik, blokeatu egin baitzuen Amazonek IRobot erosteko operazioa, lehiaren kontrakoa zelako, baina beharbada baita Amazonek etxeak zelatatzeko traste gehiegi izatearen beldur zelako ere.

A... Roombak etxea zelatatu dezake?

Batzuek datuak jaso eta bidali ditzakete. Orain, baliteke datu horiek Txinara joatea; izan ere, orain arte xurgagailuak egin dituen fabrikatzaile txinatarrak, Shenzhen Piceak, marka erosteko eskaintza egin du. 

Trasteari hemendik aurrera beste modu batera begiratzeko arrazoi indartsua. 

Dui [bai, txineraz]. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.