Ros Casares konpainiako zuzendaritzak Gasteizko lan zentroetan dituen 125 langileetatik 59 kaleratu nahi dituela salatu du ELAk. Sindikatuak ohartarazi du enpresak Araban dituen plantak «desegin» nahi dituela zuzendaritzak, eta lana erregulatzeko espedientea Eusko Jaurlaritzan aurkeztu beharrean Madrilgo Gobernuan aurkeztu duela azaldu du. Horren helburua Gasteizko lan batzordeak emango duen erantzuna «zailtzea» da, ELAren arabera.
Sindikatuak baztertu egin du kaleratzeak Madrilen negoziatzea, kaleratzeen %90 Araban izango direlako. Horrelako estrategiek agerian uzten dute, ELAren iritziz, «enpresak nolanahi ahalegintzen direla ELA bezalako sindikatuekin ez negoziatzen, beste batzuekin errazagoa egiten zaielako».
Ros Casareseko beharginei babesa adierazi die sindikatuak, eta lana erregulatzeko espedientea atzera botatzeko eskatu dio zuzendaritzari. Era berean, Gasteizko planten eta bertako lanpostuen bideragarritasuna bermatuko duen negoziazio prozesu bat hasteko eskatu die konpainiako arduradunei. Horrelakorik egiten ez badute hirian «beste lan gatazka handi bat» izango dela ohartarazi du ELAk.
Ros Casares enpresak 59 langile kaleratu nahi dituela salatu du ELAk
Zuzendaritzak Madrilgo Gobernuan aurkeztu du dosierra, Eusko Jaurlaritzan aurkeztu beharrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu