Saltoki txikien salmentak %6,7 jaitsi dira EAEn lehen hiruhilekoan

Araban izan dira emaitzarik txarrenak, %7,4ko jaitsierarekin; Bizkaian eta Gipuzkoan %6,5 egin dute behera

Erredakzioa
Bilbo
2009ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Eustatek jakinarazi duenez, 2009ko lehenengo hiruhilekoan, aurreko urtean baino %6,7 gutxiago saldu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako saltoki txikiek. Emaitza errealak, alabaina, are larriagoak izan direla azaltzen du Euskal Estatistika Erakundeak atzo kaleratutako txostenak. Izan ere, saltokien salmentei prezioen igoeraren balioa kenduz gero, urte arteko jaitsiera %7,5ekoa izan da.

Merkataritza sektore batzuetan, besteetan baino eragin handiagoa izan du krisialdiak. Datuek erakusten dutenez, saltoki txiki espezializatuen salmentak %8,4 jaitsi dira aurtengo lehen hiru hilabeteetan, %9 prezioen gorabeherak aintzat hartuz gero.

Espezializaziorik gabeko saltokietan, berriz, beherakada apalagoa izan da martxora bitarte, %3koa. Urte arteko emaitza erreala %4,6koa izan da sektore horretan.

Espezializatutako saltoki txikietan, etxeko hornidurekin lan egiten dutenek izan zuten atzeraldirik handiena, %14,9koa kopuru errealetan, eraikuntzaren krisiagatik ziurrenik. Janaria saltzen duten dendek, berriz, emaitza hobeak izan dituzte, %11,9atzera egin arren.

Araban galerarik handienak

Probintzien artean Arabako saltoki txikiek izan dituzte galerarik handienak, %7,4ko jaitsiera errealarekin. Denda espezializatuek %9 gutxiago saldu dute, eta espezializatu gabekoek %3,6 egin dute atzera. Gipuzkoan eta Bizkaian, jaitsiera bera izan dute saltoki txikiek, %6,5ekoa. Bizkaiko saltoki txiki espezializatuek %8,6 gutxiago saldu zuten, eta Gipuzkoakoek %7,7 galdu zuten.

Enpleguari dagokionez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako saltoki txikietan lana zutenen kopuruak %2,3 egin zuen behera iazko martxotik aurtengora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.