Samsungek aurreko urtean halako 255 irabazi du txipei esker

Aparailu elektronikoen atalak, ordea, dirua galdu du, txip horien kostu gero eta handiagoaren ondorioz.

Samsungen ikerketarako eta garapenerako zentroa, Vietnamen. LUONG THAI LINH / EFE
Samsungen ikerketarako eta garapenerako zentroa, Vietnamen. LUONG THAI LINH / EFE
2026ko uztailaren 30a
16:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gutxi dira adimen artifizialerako txipen hornitzaileak, baina datu zentroak dituzten enpresek txip asko behar dituzte, eta elkarren arteko lehia bortitzean dabiltza. Fabrikatzaileen mesederako gertatzen da hori: Samsungen mikrotxipen atalak 54.500 milioi euro irabazi ditu aurtengo bigarren hiruhilekoan; hau da, iaz halako 255 —213 milioi euro irabazi zituen iaz—. 

Adimen artifizialeko enpresek ziurtatu nahi dute luzera begira beren jarduerarekin aurrera jarraitzeko funtsezko osagaiak izango dituztela, eta, horretarako, hainbat urtetarako kontratuak sinatzen ari dira hornitzaileekin. Samsung, esaterako, Nvidiarekin eta halako batzuekin egin ditu tratuak, eta prezio oso handiak eskatu dizkie bere txipen truke.

Samsungi ondo datorkio horrelako harremanak egitea, modelo egonkorrago baten bila dabiltza eta. Hala ere, argi dauka etorkizunean ere industria ez dela eskariari erantzuteko gai izango. Kim Jaejune Samsungeko zuzendariordearen esanetan, «ez da probablea 2028ra arte horniduran gorakada esanguratsurik egotea, denbora behar delako txip fabrikak egiteko».

Gainera, Samsung Electronicsek ez ezik, bere lehiakide SK Hynixek ere ohartarazi du adimen artifizialerako datu zentroen gorakada ez dela batere apaldu. Beraz, fabrikatzaileak ados daude: 2027an ere txipak faltako dira, gero eta gehiago, eta eskasiak 2028ra arte iraungo du gutxienez.

Fabrikatzaileak ados daude: 2027an ere txipak faltako dira, gero eta gehiago, eta eskasiak 2028ra arte iraungo du gutxienez 

Txipak egiteaz gainera, Samsungek gailu elektronikoak ere ekoizten ditu, eta eskasiak adar horri arazoak ekarri dizkio, osagai horien truke gehiago ordaindu behar izan duelako. Hiruhileko honetako datuei erreparatzea besterik ez dago: kontsumorako elektronikaren salmentarekin dirua galdu du Hego Koreako enpresak; 213 milioi euro, hain zuzen ere. Galera horri aurre egiteko, gailuen prezioak igo egingo dituzte urte osoan zehar.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA