Kabitu ezinik. Halatsu dabiltza txerritxo ehiztariak egungo burtsan, maiatzaren 13an jendea San Mamesen egongo den lez. Trumilka abiatu ziren atzo, burtsatik at, Espainian Gaztela Mantxako aurrezki kutxaren interbentzioaren berri izan ostean, eta KPI harmonizatua, lehen aldiz, martxoan negatibo bihurtu ostean. BBKren kutxetan ilarak, CCMren bulegoetan hor nonbait eta, aldiz, burtsatik ateratzeko, erraztasunak edo: %4,12ko danbatekoa eragin zion Ibex-35 indizeari bankuen eta gainontzekoen atzerakadak, baina 1.906 milioiren salerosketa ederto kudeatu zen. Bi banku handienek %7na pasa galdu zuten, %1,6 Edurnezurik, %5,12 Iberdrolak eta %4,14 Repsol-YPFk. Espainiako kopa batzuentzat, Espainiatik ospa besteentzat. Accionak %8,03 eta Ferrovialek %7,74 galdu bazuten ere, munduko akzio harrobiak ustiatzen dituztenek ere badute zertan kezkatua, Eurostoxx-50 lekuko: ING eta Credit Agricole %13na pasa jaitsi ziren; Unicredito eta Aegon %12na pasa.
Autogileei berregituratzeko ultimatuma Obamak, bankuak eta autogileak akzio azokan gain behera eta, estatuak ere, gorriak ikusten: urtarrilean Grezia, Portugal eta Espainiari gertatu bezala, Irlandari jaitsi dio S&P rating agentziak kaudimen adierazlea, hoberenetik (AAA), maila bat apalagora (AA+). EBZk aste honetan interes tasak berriro jaitsi arren, Alemaniarekiko euroguneko zenbait bazkidek ordaindu behar duten gainsaria %1 baino handiagoa da hamar urterako zorraren kasuan. Dolarra erlatiboki indartsua zergatik den ulertzen laguntzeko datua.
San Mamesen lez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu