Bero sapak eraginda edo, beherapenetako erosle sindromeak jota daude txerritxo ehiztariak. Seigarren igoera egunaren amaieran maximo berria jarri dute gure indizeek eta, %1 irabazita, Ibex-35ek 10.000 puntuen langaz gora jarraitzen du; sabaira bidean. Bi banku handiek eragin zuten, nagusiki, beroaldia, otsaila aldean txakalaldia ere eragin zuten bergisan: %2,12 eta %1,24 irabazi zuten hurrenez hurren Santander eta BBVAk, akzioko 9,8 eta 8,2 euroren bueltan berotu arte. Salerosketa, ordea, udatiarra da oso: 1.639 milioirena baino ez. Horrek, sabairako bidaien sinesgarritasuna kolokan jartzen du, alta. Arcelorrek (+%4,55) eta Inditexek (+%3,03) ere euren beroaldia eragin zuten. Iberdrolak %1 pasa irabazi zuen eta Edurnezuri eta Repsol-YPFk %0,4na pasa. AEBetako adierazle aurreratuak ez dira ezkorrak. Baina poz hau gehiegizkoa izan daitekela pentsatzen du askok. Mozkin berriek tenperatura egokia finkatzen lagunduko dute.
Cie Automotive (+%9,03) euskal enpresak 182 milioiren mailegu sindikatua lortu du 13 finantza erakunderengandik. Inbertsio berrietarako diruaz gain, finantza egitura antolatua lortu nahi du horrenbestez. Kotizazioa majo poztu zen.
CIT bankuak konkurtso legea saihestuko du oraingoz, bere hartzekodunek emandako 3 mila milioi dolar gehigarriri esker. Burtsan %90eko igoerarekin ospatu zuen bankuak aukera hori. Epe luzera 40 mila milioi dolarreko zorra du, hala ere.
Sapatik sabaira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu