Gamesak atzo aurkeztu zuen ofizialki erregulazio dosierra Madrilen. Horren ondotik, kontsulta fasea hasiko du sindikatuekin —bihar hastea espero da—, eta hilabeteko epea izango da negoziaziorako, erregulazio dosier bat tartean dagoenean gertatu ohi den bezala.
Enpresaren barne dauden azpiatalen artean, Gamesa Innovation & Technologyn egingo dituzte kaleratze gehienak; 206, hain justu. Gamesa Eolican 58 behargin lanik gabe utziko dituzte; 12 Corporacion Tecnologica sailean eta 7 Compass Transworld Logistic atalean.
Enpresa batzordeko CCOOkoek azaldu dutenez, Gamesak aukera eman die kaleratzeen inguruan negoziatzeko, eta,beraz, sindikatuek erabaki beharko dute zer-nolako jarrera hartu zuzendaritzak egin dezakeen proposamenaren inguruan. Aukeretako bat soldatak jaistea litzateke.
2013-2015 urte arteko negozio plana aurkezterakoan eman zuen Gamesak kaleratzeen berri. Mundu osoan 2.600 lanpostu murrizteko asmoa agertu zuen, eta dagoeneko 800 lanpostu gutxiago ditu; beraz, beste 1.800 behargin utziko ditu kalean. Euskal Herrian bi mila langiletik gora ditu.
Langile batzuk kaleratu eta zenbait bulego itxita, gastu finkoa ehun milioi euro murriztu nahi du Gamesak; hau da, egungo gastu finkoaren %26.
Garraiolarien greba
Galerak Bilboko PortuanBilboko Portuan hainbat garraiolari autonomok hasitako mugagabeko greba galerak eragiten ari da: astebetean 12 milioi eurorenak, portuko agintaritzaren arabera. Sintrabi eta Egas sindikatuek deitutako greba da, autonomoentzat lan itun moduko bat eskatzeko. Portuko agintaritzakoek ohartarazi dute «kalte ekonomiko larriak» eragiten ari dela lanuztea, eta garraiolariei «zentzuz» jokatzeko eskatu die Jose Ramon de la Fuente presidenteak. Greba luzatzen bada, agintaritzak iragarri du ezohiko batzar batera deituko duela, egoera aztertzeko —litekeena da batzarra ostiralean izatea—. Proposa ditzaketen neurrien artean dago garraiolariei Bilboko Portuan lan egiteko lizentzia kentzea. De la Fuentek gogorarazi du bereziki garai «txarra» dela greba egiteko, krisiaz gain, Eguberriak gertu izanik mugimendu handiagoa dutelako.
Hiru Euskal Herriko garraiolarien sindikatuak astelehenean jakinarazi zuen Sintrabi eta Egasekin zuen egitasmo bateratua bertan behera uzten zuela. Hiruk dio Hego Euskal Herrian lanuzte mugagabea egitea proposatu duenean beste biek «alde bakarreko» erabakia hartu dutela eta lanuztea Bilboko Portura mugatu dutela.
Bridgestone
Sindikatuen mezua langileeiBridgestoneren enpresa batzordeko sindikatuek erregulazio dosierra dela-eta zer egin aztertzen jarraitzen dute. Basaurin 184 langile bota nahi dituzte, eta Usansolon beste 32. Atzo, lehenengoz, zuzendaritzarekin bildu zirenerregulazioaz hitz egiteko, eta kaleratzeen aurka agertu ziren. Enpresa batzordea CCOO, UGT, USO, BUB eta ELAko ordezkariek osatzen dute.
Astelehenean pneumatiko enpresako 300 langilek elkarretaratzea egin zuten Basauriko lantokiaren aurrean, eta sindikatuen jarrera salatzeko baliatu zuten aukera. Enpresa batzorderi bere asmoen berri emateko eskatu zioten, eta langileen nahiak aintzat har ditzaten.
Guardian
Itun «duin» baten aldeUrriaren 23an hasitako greba mugagabeari segida eman zioten atzo Laudioko (Araba) Guardianeko langileek. Kaleratzeak saihestuko dituen itun bat eskatzeko elkartu ziren Bilbon, hitzarmen «duin» baten alde. 120 langile kaleratzeko asmoa du zuzendaritzak. 600 langile inguru ditu Guardianek, eta automobilgintzarako eta arkitekturarako beira ekoizten dute.