LPEEk 2016ko azaroan erabaki zuen petrolio ekoizpena 1,2 milioi upel txikitzea, prezioen beherakada eteteko. Orduz gero egin dituen bilera guztietan luzatu egin dute murrizketa, baina kopurua aldatu gabe. Estrategia horrek erdipurdiko emaitza izan du: Brent upela ez da orduan bezala 40 dolarretan salerosten, baina ez du lortzen kartelak nahi duen prezioan egonkortzerik; hau da, 70 dolarretik gora. Azken bi egunotan 61 dolarretik 63ra igo da prezioa, LPEEren bilerak hauspotuta.
Saudi Arabiak gidatzen du ekoizpena are gehiago murriztea proposatzen duen taldea. Beste 400.000 upel kendu nahi ditu merkatutik. Gainera, murrizketaren epea luzatu nahi du, 2020 osoa hartzeraino.
Adituen arabera, prezioen gorakada handia lortzea baino, prezioen jaitsiera eragoztea da Saudi Arabiaren helburua. Izan ere, aurreikuspenek diote 2020 hasieran eskaintzak aise gaindituko duela eskaera. Hori gertatzen da munduko ekonomiaren moteltzeak kontsumoa txikitzen duelako, baina baita AEBak inoiz baino petrolio gehiago ekoizten ari direlako ere. Fracking edo haustura hidraulikoaren bitartez egiten dute, eta sistema horrekin produkzioa ezin da aldi baterako eten.
Saudi Arabiak eta haren aliatuek LPEEren babesa lortuz gero, bigarren hesi bat gainditu beharko dute: Errusiarena eta karteletik kanpo dauden beste ekoizle batzuena. Azken urteetan talde horrekin koordinatu du bere politika LPEEk, baina badirudi oraingoan zailagoa izan daitekeela, Errusiak ekoizpena berreskuratu nahi duelako.