«Amaiera triste baten atarian gaude; guztiz saihestu zitekeen gainbehera baten adibide argia da». Azkoitiko (Gipuzkoa) Juaristi makina-erreminta sektoreko enpresa 97 langiletik 34ra pasatu da sei hilabetean, eta, langile batzordeak salatu dutenez, okerrera egingo du.
Kaleratzerik ez da izan, langileek beren kabuz alde egin baitute, baina «behartuta», enpresaren egoera zein den ikusita. Lan harremanen amaiera eskatzeko auzitara jo dute, kaleratze bidegabe baten kalte ordaina jasotzeko esperantzaz.
Gaur egun, 34 langilek osatzen dute lantaldea, eta, haien aurreikuspenen arabera, ekainean 26 geratuko dira; haietatik bederatzi, epaiketaren zain.
2025eko maiatzean, enpresak enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea aplikatu zuen, eta ordutik ekoizpena «ia geldirik» egon da, bankuekin «inoiz iritsi ez den» finantza akordio baten zain. Abenduan beste sei hilabetez luzatu zen neurria.
Langile batzordeak azaldu duenez, abenduan hamahiru makina zituzten egiteko, eta enpresak aurrerakinak kobratuta zeuzkan, baina ezin izan dituzte fabrikatu, finantzabide eta material faltagatik. Hiru hilabete geroago, kopuru hori zortzi makinara jaitsi da, eta haietako batzuk ere bertan behera geratzeko arriskuan daudela ohartarazi dute. «Beste eskaera guztiak, berriz, bezeroek bertan behera utzi dituzte, eta enpresak jasotako aurrerakinak itzuli beharra dauka». Horrez gain, «enpresaren sare komertziala ia deseginda dago; ordezkaritza edo kolaboratzaile batzuek auzitara jo dute, eta beste batzuk sektore bereko enpresetan lanean hasi dira».
«Onartezina da 85 urtez makina-erremintaren munduan erreferente izan den enpresa hau apurka-apurka itzaltzen uztea, zuzendaritzaren kudeaketa arduragabearen ondorioz»
JUARISTIKO LANGILE BATZORDEA
Langileen ordezkariek azpimarratu dutenez, egoera «oso larria» da, eta zuzendaritzaren aldetik «utzikeria nabarmena eta onartezina» da. Adierazi dute enpresak «zor ekonomiko handiak» pilatu dituela langileekin, komertzialekin, bezeroekin, garraiolariekin, hornitzaile ugarirekin eta bankuekin. «Langileok ahal dugun guztia eta gehiago egin dugu Juaristi aurrera ateratzeko, baina zuzendaritzaren utzikeriak, gardentasun faltak eta etengabeko oztopoek gure ahalegin guztiak zapuztu dituzte. Onartezina da 85 urtez makina-erremintaren munduan erreferente izan den enpresa hau apurka-apurka itzaltzen uztea, zuzendaritzaren kudeaketa arduragabearen ondorioz».
Babes falta
Egoeraren larritasuna ikusita, irailean zenbait erakunderekin harremanetan jarri zen langile batzordea: Eusko Jaurlaritzako Industria Sailarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko Departamenduarekin, eta Azkoitiko Udaleko alderdi politikoekin eta alkatearekin. Helburua enpresaren egoeraren berri ematea izan zen, eta etorkizunerako irtenbide bat bilatzeko laguntza eskatzea. Dena dela, batzordeko kideen esanetan, egindako saiakerek ez dute emaitzarik izan.
Ezta enpresaren jabearekin harremanetan jartzeko ahaleginek ere. «Enpresaren jabe Carlos Juaristiren aldetik ez da inolako proposamenik, bilerarik edo komunikaziorik egon egoera bideratzeko edo plantillaren galera saihesteko».
Carlos Juaristi 2017tik da enpresaren jabea, Zarandona familiaren lekukoa hartu zuenetik. Azkoitiko beste enpresa baten jabea da Juaristi: Aitek Automation. Ingeniaritza eta automatizazio industrialeko enpresa bat da, eta Juaristiren hornitzaile eta azpikontratista nagusia izan da.
1941ean sortu zuten Juaristi, eta enpresa historikoaren kategoria dauka, AFM makina-erremintaren klusterrak emandakoa. Fresatzeko makinen eta mandrinatzeko gailuen fabrikazioan jardun du betidanik. Alegia, pieza metalikoen gainazalak lantzeko eta zulo handiak eta zehaztasun handikoak egiteko makinak ekoizten ditu. Euskal Herriko industria astunaren eta ekipamendu industrialeko sektore estrategikoen hornitzaile nagusietako bat izan da.
Lantegi bakarra du, Azkoitiko Basarte industrialdean. Enpresa ertain bat da: hirurogei eta ehun langile artean izan ditu, eta urtean 30 milioi euro inguru fakturatu izan ditu. Haren jardueraren %90etik gora atzerriko merkatuetara bideratu du, eta haren makinak berrogei herrialdetan baino gehiagotan instalatuta daude, energia, aeronautika, trenbide eta garraio astuneko sektoreetan.