Gamesaren eta Siemensen atal eolikoa bateratu ondoren, konpainiaren egoitza nagusiak Zamudion (Bizkaia) jarraitzen du. Gaur, enpresak euskal hornitzaileekin jardunaldia egin du, harreman horri eusteko asmoa duela adierazteko.
Joan den urtean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 770 enpresari erosketa zuzenak egin zizkien. Hornitzaile horiek 420 milioi euroko negozioa lortu zuten Siemens Gamesarekin.
Bi programa aurkeztu dizkie enpresa horiei, "lehiakortasuna eta ekoizpen prozedurak hobetu" eta merkatu berrietarako sarbidea izan dezaten. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean sustatuko du programa horiek.
Euskalit fundazioak kudaketa aurreratua sustatzeko duen ereduan oinarrituta, Suppliers2Excellence programaren bigarren deialdia martxan jarri du. Hiru urterako programa da, eta parte-hartuko duten enpresen %80k Euskaliten aitortza lortzea da helburua. Ibermatica, Amenabar, WEC, Matz Erreka, Ingeteam, Ormazabal, Laulagun eta Sumelek enpresek joan den urteko deialdian parte-hartu zuten. Aurten, Hego Euskal Herriko beste 21 enpresa gehituko zaizkie.
Bigarren proiektuak Lean4Future izena du, eta ekoizpen prozedurak hobetzeari emango dio lehentasuna. Joan den urtean lehen esperientzia bat egin zen, eta aurten zabalduko dute. Laulagun, Urtzinox eta Tafame hornitzaileak daude lanean programa horren barruan.