Siemens Gamesak beste 1.300 milioi galdu ditu, baina eskari zorroa beteta dauka

Datorren urtean berriz irabaziak izatea espero du. 33.000 milioi euroren enkarguak ditu. Euskal Herrian egiten dituen turbinak merkaturatzen hasi da berriz.

Siemens Gamesaren haize errota bat Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Siemens Gamesaren haize errota bat, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
jokin sagarzazu
2025eko abuztuaren 6a
12:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Siemens Gamesari kosta egiten ari zaio krisitik ateratzea. Urtez urte zenbaki gorriak pilatuz joan da, baina aurtengoa azkenengoa izatea espero du. Urte fiskaleko lehenengo bederatzi hilabeteetan beste 1.358 milioi euro galdu ditu, iaz epe berean baino %9,26 gehiago. Haize erroten ekoizleak irailean itxiko ditu urteko kontuak. Iazko azaroan egindako aurreikuspenen arabera, 1.300 milioi euroren galerak izango ditu 2025eko ekitaldi fiskalean, baina, ondo bidean, azken hiruhilekoan eta bereziki 2026. urtean hasiko da irabaziak lortzen.

Eta Zamudioko (Bizkaia) konpainiak hori sinisteko motiboak ere baditu. Offshore edo itsasoko energia eolikoari esker, izugarri hazten ari da. Inoizko eskari kopururik handiena izan du aurten. %64,6 egin dute gora enkarguek, eta lan horiek 8.200 milioi euroko balioa dute. Adibidez, azken hiruhilekoan bi eskari handi egin dizkiote, Itsaso Baltikoan jarriko dituzten bi azpiegituretarako: 1.800 eta 1.500 milioi eurokoak. Aurretik zituen lanak kontuan hartuta, zorroa gainezka dauka: guztira 38.000 milioi eurokoa da.

2.800

Langileak Euskal Herrian. Siemens Gamesak Zamudion (Bizkaia) dauka bere egoitza. Azken urteetan goitik behera eraldatu du bere negozioa. Horretarako, aktiboak saldu ditu —Indian zuen negozioa, adibidez—, eta konpainia berregituratu du. Aldaketak egin ditu zuzendaritzan, eta mundu osoan 4.000 langile inguru kaleratu ditu. Euskal Herrian, kaltea urria izan da, eta bulegoetako langile gutxi batzuei baino ez die eragin. Otsailean egindako bozketan, langileek babestu egin zuten erregulazio espedientea. Konpainiak 2.800 langile inguru ditu gaur egun Euskal Herrian, bost lantokitan banatuta: Zamudion eta Mungian (Bizkaia), Asteasun (Gipuzkoa), Sarrigurenen (Eguesibar, Nafarroa) eta Arazurin (Iruñea).

Azken urteetan onshore negozioak —lurreko haize errotek— buruko min handiak eragin dizkio konpainiari. Eta hori da, hain zuzen ere, Euskal Herritik kudeatzen dena. Martxan zeuden 4.X eta 5.X turbinek —handienak— arazo tekniko larriak izan dituzte, enpresak geldirik eduki du X.4 turbinaren ekoizpena, eta markak prestigioa galdu du. Baina arazo hori konponduta dauka dagoeneko.

Haize errota horien zati bat Asteasuko (Gipuzkoa) fabrikan egiten dira, eta, Siemens Gamesak baieztatu duenez, berriz ere salgai jarri ditu. Berriki jakin da Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu dutela X.4 modeloko hamasei turbina erosteko Labrazan eta Azazetan (Araba) egingo diren bi parke eolikoetarako. Horrez gain Siemens Gamesa 7.0 turbina merkaturatzen hasi da. Hark 5.X modeloa ordezkatuko du, eta ahalmen handiagoa izango du.

Salmentak gora

Astiro bada ere, enkargu horiei erantzuten ari zaio. Azken hiru hilabeteetan 2.500 milioi fakturatu ditu, iaz epe berean baino %0,5 gutxiago, itsasoko haize erroten bolada onak ezin izan duelako konpentsatu lurreko negozioaren moteltzea. Dena den, iazko urritik 7.600 milioi euroren salmentak egin ditu: %11 handiagoak.

Enpresak 4.439 milioi euroren galerak izan zituen 2023ko ekitaldi fiskalean, eta 1.734 milioi eurorenak 2024koan. Aurten 1.300 eurorenak aurreikusi ditu. Eta 2026an irabaziak izatea espero du.

Gamesa edo haize erroten atala Siemens Energyren parte da, eta taldeak errentagarritasunari eusten dio, dituen beste hiru negozio bideei esker: gasa, energia banatzeko sare adimentsuak eta industriaren digitalizazioa. Orotara, taldeak 1.329 milioi euroren irabaziak izan ditu urritik abendura. Iaz, aldi berean, 1.262 milioiren galerak izan zituen, nagusiki Siemens Gamesak eragindakoak.

Christian Bruch taldeko presidenteak nabarmendu duenez, munduan elektrizitate eskaria nabarmen handitu izanaren ondorio dira emaitza «sendo» horiek. Jakinarazi du taldea «espero baino lehenago» hasiko dela banatzen dibidenduak, Alemaniako agintariek jarritako mugak kendu ondoren. Donald Trump AEBetako presidentearen muga zergak ere aipatu ditu: kalkulatu du horiek konpainian izan duten eragina 100 milioi eurokoa izan dela apiriletik uztailera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.