Zenbaki gorrien garaia atzean uzten hasi da Siemens Gamesa. Haize erroten fabrikatzaileak 56 milioi euro irabazi ditu 2026ko ekitaldi fiskaleko hirugarren hiruhilekoan —apiriletik ekainera—. Kopuruaz harago, zenbaki horrek esanahi sinboliko handia dauka, 2022tik lehen aldiz itxi baitu hiru hilabeteko aldi bat irabaziekin.
Emaitza horiek, gainera, berresten dute azken hilabeteetako joera. Euskal jatorria duen enpresa horrek oraindik ez ditu galerak guztiz atzean utzi, baina gero eta gertuago dauka 2026an bere kontuak orekatzeko jarria duen helburua. Iazko urritik ekainera 204 milioi euro galdu ditu, aurreko ekitaldiko epe berean baino %85 gutxiago.
Lehen aldiz urte askotan, hobekuntza ez dator aparteko kontabilitate doikuntzetatik edo aktiboen salmentetatik, negozioaren bilakaeratik baizik. Azken urteetan konpainiaren zama nagusia izan den lurreko energia eolikoaren jarduerak berriro ekin dio hazteari, eta horrek arnasa eman dio Gamesaren kontuei. Haize erroten negozioa berriz ere errentagarria bihurtu da haren jabe den Siemens Energy Alemaniako multinazionalarentzat, eta hala azpimarratu du Christian Bruch kontseilari ordezkariak.
2.800Zenbat langile dituen Euskal Herrian Siemens Gamesak Zamudion (Bizkaia) dauka bere egoitza. Azken urteetan goitik behera eraldatu du bere negozioa. Horretarako, aktiboak saldu ditu —Indian zuen negozioa, adibidez—, eta konpainia berregituratu du. Aldaketak egin ditu zuzendaritzan, eta mundu osoan 4.000 langile inguru kaleratu zituen. Euskal Herrian, kaltea urria izan zen, eta bulegoetako langile gutxi batzuei baino ez zien eragin. Konpainiak 2.800 langile inguru ditu gaur egun Euskal Herrian, bost lantokitan banatuta: Zamudion eta Mungian (Bizkaia), Asteasun (Gipuzkoa), Sarrigurenen (Eguesibar, Nafarroa) eta Arazurin (Iruñea).
Hirugarren hiruhilekoan 2.743 milioi euro fakturatu ditu Gamesak, iazko aldi berean baino %9,5 gehiago. Bederatzi hilabeteetako salmentak, berriz, 7.624 milioi eurokoak izan dira, iazkoen parekoak.
Eskaeren bilakaerak, ordea, ñabardura bat du. Hirugarren hiruhilekoan 1.050 milioi euroko kontratu berriak eskuratu ditu, eta bederatzi hilabeteetako metatua 3.452 milioi eurokoa da, iaz baino askoz txikiagoa. Konparazioak horrek, baina, badu azalpena: 2025ean itsasoko energia eolikoan ia 3.000 milioi euroko bi kontratu erraldoi sinatu zituen, eta horiek nabarmen puztu zituzten orduko zenbatekoak.
Horregatik, eskaera berriak apaldu diren arren, konpainiak 31.000 milioi euro inguruko lan zorroari eusten dio. Horrek hainbat urtetarako jarduera bermatzen dio, eta susperraldiari egonkortasuna ematen dio.
Euskal Herrian adi
Gaur egun, offshore edo itsaso eolikoan dago Siemens Gamesaren negozioaren zatirik handiena, eta txikiagoa da, berriz, onshore eta lurrekoan. Azken hori da ofizialki Euskal Herritik gidatzen dena, baina 2017an alemaniarren gidaritzapean sartu zenetik arazo latzak izan ditu. Gamesaren 4.X eta 5.X plataformetako turbinek akats tekniko larriak izan zituzten, eta konpainiak modeloak merkatutik kendu eta ekoizpena eten behar izan zuen. Arazoek bezeroen konfiantza kolpatu zuten, eta konpainiaren emaitzak amildu. 2019az geroztik 10.000 milioi eurotik gorako galerak pilatu ditu, eta 2023an bakarrik 4.500 milioi eurotik gorako zuloa egin zuen.
Urteotan negozioa goitik behera berrantolatu behar izan du. Siemens Energyk euskal jatorriko enpresa burtsatik atera zuen, aktiboak saldu zituen, lantegiak berrantolatu eta lantaldea murriztu zuen. Egoerak Alemaniako Gobernuaren babesa ere behar izan zuen: Berlinek berme publikoak eman zizkion taldeari finantzaketa bermatzeko.
Baina krisiaren eragilea izan zen negozioa da, hain zuzen ere, orain susperraldiaren oinarria. Konpainiak konpondutzat jotzen ditu 4.X eta 5.X plataformetako arazo nagusiak, eta berriro merkaturatu ditu berrikusitako ereduak. Aldi berean, SG 7.0 turbina berria merkaturatzen hasi da; aurreko belaunaldia ordezkatuko du, potentzia handiagoarekin eta fidagarritasuna hobetuta.
Horrek eragin zuzena izan du Euskal Herriko jardueran ere. Lurreko eolikorako turbinen osagaietako batzuk Asteasuko (Gipuzkoa) lantegian egiten dira, eta azken hilabeteetan berriro kontratu garrantzitsuak iritsi dira.
Horien artean daude Arabako Labraza eta Azazetako parke eolikoetarako hamasei turbinak, Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako proiektuetarako. Horrez gain, Alemanian eta Egipton ere lortu ditu eskaera handiak, lurreko eolikoaren negozioa berriz martxan jartzen ari dela erakutsiz.
IZEN ALDAKETA: aURRERANTZEAN OMTERRA IZANGO da
Gamesaren bilakaerak arnasa eman dio Siemens Energy taldeari ere. Alemaniako konpainiak 2.525 milioi euro irabazi ditu ekitaldiko lehen bederatzi hilabeteetan, iazko aldian baino bi aldiz gehiago.
Hazkunde hori, batez ere, sare elektrikoen negozioaren indarrari, AEBetan adimen artifizialeko datu zentroen hedapenak eragindako eskariari eta Ekialde Hurbilean gas zentral berriak eraikitzeko inbertsioei zor die. Horri esker, taldeak berriro hobetu ditu urte osorako aurreikuspenak, eta iragarri du datozen hilabeteetan Omterra izena hartuko duela, Siemens Energy eta Siemens Gamesa marka bakar baten pean biltzeko.