Silikosia indarberrituta itzuli da

Txosten batek agerian utzi du azken urteetan gora egin dutela atzemandako kasuek. Gaitz kroniko hori garatu duten langile gehienak metalgintzaren sektorekoak dira, baina marmoldegietako kasuek ekarri dute kopurua handitzea..

Metalgintzako bi behargin lanean, Avilesen. J. L. CEREIJIDO / EFE
Metalgintzako bi behargin lanean, Avilesen. J. L. CEREIJIDO / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko apirilaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Silikosia lan munduarentzat ere gaitz kronikoa bihurtu dela dirudi. Sendabiderik gabeko gaixotasun horrek XX. mendeko meatzarien artean izan zuen loraldia, baina duela 20-30 urte inguru desagertutzat jo zuten askok. Egoera aldatu egin da, ordea: Espainiako Gobernuak plazaratu berri duen ikerketa baten arabera, Hego Euskal Herrian 106 silikosi kasu diagnostikatu zituzten 2020 eta 2023 bitartean.

«Duela hogei urte inguru kuartzozko aglomeratuekin lanean hasi ziren zenbait enpresa, nagusiki sukaldeetako gainaldeak egiteko, eta material horren konposizioaren erdia baino gehiago silizezkoa izan ohi da. Gainera, aglutinatzaile modura erabiltzen dituzten erretxinek aluminiozko partikulak askatzen dituzte, eta horiek efektu sinergikoa eragiten dute biriken barruan. Horrekin lan egitea bonba bat da». Alfonso Riosena da azalpena, Euskadiko CCOOko osasun arloko arduradunarena. Kuartzozko aglomeratuak 1990eko hamarkadan hasi ziren erabiltzen marmoldegietan, eta asko hedatu ziren eraikuntzaren burbuilan.

106

Hego Euskal Herrian diagnostikatutako silikosi kasuak 2020 eta 2023 bitartean. Espainiako Gobernuak emandako datuen arabera, Hegoaldean hamahiru kasu atzeman zituzten 2020an, 26 kasu 2021ean, 27 kasu 2022an eta 40 kasu 2023an. 1990 eta 2019 bitartean, denera, 477 behargin gaixotu ziren silizea arnastearen ondorioz.

Madrilgo txostenean, alabaina, azaldu dute Hego Euskal Herrian gaixotutako gehienak beste arlo bateko beharginak direla: metalgintzakoak. Riosek esplikatu du sektore horretan «beti» egon izan dela silizea, besteak beste, adreilu erregogorra duten labeen paretetan eta hondarrezko moldeetan. 1990 eta 2019 bitarteko datuek arrazoi ematen diote: metalgintzan jardundako 188 laguni diagnostikatu zieten silizea arnasteak eragindako gaixotasunen bat. «Metalezkoak ez diren produktu mineralen fabrikazioan» 113 langile kutsatu ziren —kategoria horretan daude marmoldegietakoak—, eta eraikuntzan 67. Azken horretan adreiluak moztean sortzen da arriskua, esaterako.

Espainiako Gobernuak gaia aztertzeko talde tekniko bat sortu zuen duela urte eta erdi, eta Nieves De la Peña da Osalanek bertan duen ordezkaria. Kontatu du Hego Euskal Herrian 2010. urtean hasi zirela kasuen gorakada nabaritzen, eta berretsi du metalgintzak ekarri duela kasu gehien. Haren arabera ere, arlo horretako kasuak «betidanikoak» dira: «Uste dut metalgintzako kasuen igoera denboraren poderioz heldu den zerbait dela. Esposizioa ez da handia, baina urte asko lanean daramatzaten batzuek garatzen dute silikosia». Beraz, espero izatekoa zen denbora pasatu ahala sektore horretan kasuak ugaritzea.

«Kuartzozko aglomeratuen konposizioaren erdia baino gehiago silizezkoa izan ohi da, eta erretxinek aluminiozko partikulak askatzen dituzte. Horrekin lan egitea bonba bat da»

ALFONSO RIOSCCOOko osasun arloko arduraduna

Dena den, aitortu du marmoldegietakoa «beste kontu bat» dela. «Beharginak gazteagoak dira, gaixotasuna azkarrago garatzen dute, gogorrago... Horregatik izan da hain agerikoa azken urteetako gorakada». Azaldu du enpresek ez zituztela ondo ezagutzen kuartzozko aglomeratuekin lan egitearen arriskuak, material berria zelako eta informazio gutxi zutelako. «Jakin zenean aglomeratuek zenbat silize zuten, agerian geratu zen prebentzio neurriak ez zirela nahikoak. Baina berandu zen ordurako».

Geroz eta gazteagoak

De la Peñak aipatu bezala, berritasuna da kutsatutakoen adinak nabarmen egin duela behera. Riosen ustez, sektore batzuetan langileek izan duten esposizio handiaren ondorio da, «ez dago beste azalpenik». Izan ere, silikosia hiru motatakoa izan daiteke: kronikoa, bizia edo akutua, sintomek agertzeko behar duten denboraren arabera. Sei hilabetetik hogei urtera artekoa izan daiteke tarte hori.

Silikosia, atzera-bueltarik gabeko gaitza

Silikosiak, harri gehienek duten silize hautsa arnasteak eragiten duen gaitzak, oraindik ere gaixotasun kronikoa da. Sendabiderik gabea da eta, normalean, lanean du jatorria. Silize hauts hori biriketan pilatzen da, naturalki ezin delako kanporatu, eta erreakzio patologiko batzuk eragiten ditu. Pneumokoniosien adarreko gaitza da, eta arnasa hartzeko ahalmena asko murrizten dio gaixoari. Silizeak lehenbizi inflamazioak eragiten ditu, eta gero fibrosiak sortzen dira. Silikosia, gainera, ez da silizeak eragiten duen gaixotasun bakarra: biriketako minbizia sor dezake, baita artritis erreumatoidea ere, eta arnasketarekin edo bihotzarekin lotutako beste gaixotasun batzuk ere bai. Kasu larrienetan, biriken transplanteak behar izaten dituzte pazienteek.

«Seigarren hilabeterako gaixo baldin badaude, esan daiteke ia lanean hasi bezain pronto gaixotzen direla», salatu du CCOOkoak, eta adibide bat jarri du, sindikatuan bertan izan zutena: «Lemoako Novograniten (Bizkaia) aritutako kide bati 29 urterekin atzeman zioten silikosia. Kuartzozko aglomeratuekin ibili zen lanean». Jada itxita dagoen marmoldegi hartan zortzi silikosi kasu agertu ziren.

Dena den, kuartzozko aglomeratuekin lan egitearen arriskuak agerian geratu zirenetik zenbait aldaketa izan direlakoan dago De la Peña: «Marmoldegi batzuk itxi zituzten, beste batzuek beste modu batera lan egiten dute orain, materialak ere aldatu dira... Uste dugu gauzak hobeto daudela, baina hori horrela dela berresten saiatuko gara orain». 

Hegoaldeko berezitasuna

Osalanekoa Madrilgo talde teknikoan egiten ari diren lanari buruz ari da. Hark hiru betebehar nagusi ditu: enpresek legeak betetzen dituztela ziurtatzea; mapa bat osatzea silize esposizioa handia den lekuak seinalatzeko; eta sentsibilizazio kanpainak antolatzea. Australian 2023. urtean debekatu zituzten kuartzozko aglomeratuak, eta Kalifornian nabarmen gogortu zuten legedia iaz, baina Espainian oraingoz ez dute horretarako asmorik.

«Marmoldegietako beharginak gazteagoak dira, gaixotasuna azkarrago garatzen dute, gogorrago... Horregatik izan da hain agerikoa azken urteetako gorakada»

NIEVES DE LA PEÑAOsalaneko lan arriskuen prebentziorako arduraduna

Egoeraren diagnostikoa egindakoan, autonomia erkidego bakoitzak diseinatu beharko du kasuen gorakadari aurre egiteko plan propioa. «Gure kasuan, badakigu bereziki metalgintzari erreparatu beharko diogula», aurreratu du De la Peñak. «Asturiasen eta Galizian, adibidez, meatzaritzarekin dute arazo nagusia, eta Valentzian, zeramika enpresekin; Hego Euskal Herriko berezitasuna metalgintza da».

Edozein neurri hartuta ere, berandu dabiltzalakoan dago Rios. EAEn, duela bi urte, CCOOk Osalani proposatu zion 2021-2026 arteko lan osasunaren estrategian silikosiaren biktimak aintzat hartzeko, amiantoarenak bezala. «Osasunaren zaintzarako plan bat izan behar dute langileek erretiroa hartzen dutenerako». Proposamena onartu zuen Osalanek, baina oraindik ez du neurririk hartu hura aplikatzeko. «Guztiok gaude alde, baina horretarako legea aldatu behar da, eta prozesu luzea da», erantzun du De la Peñak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.