Sinatu dute EBren eta Mercosurren ituna, mende laurdeneko negoziazioen ostean

Paraguaiko hiriburuan egin dute sinadura ekitaldia, Lula da Silva Brasilgo presidentea falta zela. Merkataritza libreko itun hori multilateralismoaren aldeko apustua dela azpimarratu dute agintariek.

Maros Sefcovic, Europako Batzordeko Merkataritza komisarioa, eta Ruben Ramirez, Paraguaiko Atzerri ministroa. JUAN PABLO PINO / EFE
Maros Sefcovic, Europako Batzordeko Merkataritza komisarioa, eta Ruben Ramirez, Paraguaiko Atzerri ministroa. JUAN PABLO PINO / EFE
Irune Lasa.
2026ko urtarrilaren 17a
18:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenean sinatu dute EBren eta Mercosurren merkataritza libreko ituna. 25 urtetik gorako negoziazioak behar izan dira, eta azken ordura arte ez da argi egon gaurko eguna iritsiko zenik, baina, azkenean, Paraguaiko hiriburuan egindako zeremonia handi batean sinatu dute akordioa EBko ordezkariek eta Mercosurreko lau herrialdeetakoek: Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaikoek. 

Bere mintzaldian, Europako Batzordeko presidenteak gogoan izan ditu uste dutenak Hego Amerikan deforestazioa areagotu egingo dela akordioaren eraginez. Von der Leyenen arabera, itunaren asmoa da «natura eta klima babestea», eta merkataritzari eta garapen jasangarriari buruzko kapitulu «sendo bat» dauka horretarako. «Konpromisoa hartzen dugu klima neutraltasunerako trantsizioan elkarri laguntzeko. Europak hobeto eskuratuko ditu trantsizio horretarako behar dituen lehengaiak [mineral kritikoak], eta Europako inbertsioak Mercosurreko herrialdeak babestuko ditu».

Trump gogoan

Bereziki irribarretsu agertu da Von der Leyen, eta akordioaren garrantzia harago doala uste du. «Inoiz ez bezala batuko ditugu indarrak, gure jendea eta herrialdeak aurrera ateratzeko modurik onena dela uste baitugu. Eta, gure bi eskualdeek ahots bakarrez hitz egiten dutenean gai globalei buruz, munduak entzun egingo du».

700

Itunak zenbat milioi kontsumitzaileri eragingo dien Merkataritza libreko akordio hori munduko handienetakoa izango da, 700 milioi kontsumitzaile ingururi eragingo baitie. 2024an, EBk Mercosurrekin egindako salerosketak 111.000 milioi eurotik gorakoak izan ziren: 55.200 milioi esportazioetan, eta 56.000 milioi inportazioetan. Merkataritza fluxuaren %80 baino gehiago EBren eta Brasilen artekoa izan zen.

Ildo horretan, eta AEBei begira, Antonio Costa Europar Kontseiluko presidentearen mezua argiagoa izan da. «Akordio honen bidez, mezu bat bidaltzen diogu munduari, arauetan oinarritutako merkataritza librearen aldeko defentsan, multilateralismoaren eta nazioarteko zuzenbidearen defentsan». Costaren arabera, «irekitasunaren, trukearen eta kooperazioaren aldeko apustu argia da akordioa, eta bakartzearen, unilateralismoaren eta merkataritza arma geopolitiko gisa erabiltzearen kontrakoa da».

Lula gabe

«Baliteke akordioa berandu iritsi izana, baina garai egokian iritsi da. Gure asmoa ez da eragin eremuak sortzea, oparotasun partekaturako eremuak baizik», esan du Costak.

Akordioari bide eman dioten protagonistetako bat falta da gaurko argazkian: Luis Inazio da Silva Lula, Brasilgo presidentea. 

Lulak biziberritu zituen negoziazioak 2023an, presidentetzara itzuli zenean, baina gaur uko egin dio Paraguain izateari, eta Mauro Vieira Atzerri ministroa bidali du Asuncionera. Brasilen arabera, Mercosurreko herrialdeek ministroen mailako ordezkaritza izan behar zuten Asuncionen, eta Paraguaik azken orduan erabaki du presidenteak gonbidatzea.

Hala ere, beste iturri batzuen arabera, Lulak atsekabea adierazi nahi izan du, ituna ez zelako aurreikusitako egunean —abenduaren 20an— eta Brasilen sinatu.

Hala ere, aitortza moduko bat izan zuen atzo, Von der Leyen Brasilian izan baitzen. Lulak multilateralismoaren aldeko mezua eman zuen, eta, horrez gain, azaldu zuen itunak erabat errespetatzen dituela Munduko Merkataritza Erakundearen konpromisoak, eta baita ingurumenari, klima aldaketari, herri indigenei, langileei, eta gizon eta emakumeen berdintasunari dagozkien konpromisoak ere.

Gakoak

Oraindik auzitan
EBn izan du kontrako iritzi gehien gaur sinatutako itunak. Atzerapen askoren ostean, urtarrilaren 9an onartu zuen akordioa Europar Kontseiluak. Gehiengo kualifikatuarekin atera zen aurrera, Italiaren aldeko botoari esker, Frantzia, Polonia, Austria, Hungaria eta Irlandak kontrako botoa eman baitzuten eta Belgika abstenitu egin baitzen. Berez, EBren eta Mercosurren itunari Europako Parlamentuaren azken oniritzia falta zaio —babes klausulak onartuak ditu dagoeneko—. Ituna bera onartu edo ez bozkatuko dute, ez baita zuzenketetarako aukerarik izango.

Europako nekazariak, haserre
Gaur bertan, itunaren kontrako protestak izan dira Europako hainbat tokitan. Haien ustez, merkataritza libreko itunaren bitartez nekazaritza sakrifikatuko dute, Europako industriari mesede egiteko.

Kontrako jarrera hori baretu nahian —eta gai arantzatsuenak herrialdeetako legebiltzarren erabakietatik kanpo uzteko—, itunaren edukiak bi ataletan banatu dituzte; batetik, itunaren berezko puntuak bildu dituzte, eta, bestetik, Europako nekazarientzako babes neurriak. Babes neurri horiek hasieran proposatutakoak baino zorrotzagoak dira.

Diru gehiago nekazarientzat
Babes klausuletatik harago, nekazariak konpentsatzeko, aurrez ezarria zuten baino diru gehiago jarriko dute nekazarientzat EBren aurrekontuetatik; 45.000 milioi euro gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.