Frantziako Gobernuak ez du erretiroa hartzeko adina atzeratzeko erreforma bertan behera utziko. Ezezko «irmo eta lasai batekin»erantzun die François Fillon lehen ministroak herenegun karrikan bildutako ehunka mila manifestariei eta protesten antolatzaileei. Sindikatuek ez dute etsi, eta beste bi protesta antolatu dituzte: manifestazioak egingo dituzte heldu den larunbatean, eta manifestazioak eta greba urriaren 12an.
Euskal Herritik erantzun die Fillonek sindikatuei, Miarritzen baitzen atzo UMPko talde parlamentarioaren bilera batean. «Kaleari lasai erantzun behar zaio, gobernatzea denei entzutea baita, denak errespetatzea; baina Frantzia gobernatzea ezetz esaten jakitea ere bada. Ez, errepublikako presidentearekin batera diot ez dugula erreforma kenduko, beharrezkoa eta arrazoizkoa baita». Txalo artean, Fillonek azaldu du erretiroaren adina atzeratu ezean erregimenak pott egingo lukeela, «defiziten pisuaren ondorioz».
Beste bi protesta egun
Erreforma bertan behera gera dadila eskatzeko, hiru protesta egun handi izan dira orain arte, herenegun azkena. Baina ez dira azkenak izango. Parisen bildutako sindikatu nagusietako ordezkariek atzo erabaki zuten gaur zortzi berriro herritarrak manifestazioetara deitzea. CGT, CFDT, CFTC, CFE-CGC eta Unsa sindikatuek espero dute protesta eguna larunbata izanik sektore pribatuko langile gehiago erakarri ahal izango dituztela kalera. Sindikatuen arabera, ia hiru milioi lagunek parte hartu zuten osteguneko protestetan. Baionan 15.000 izan zirela ziurtatu zuten sindikatuek, irailaren 7ko manifestazioan bezainbeste.
FOk ez du heldu den larunbateko protestarekin bat egin, erreforma ezeztatu arteko greba aldarrikatzen duelako. Halakorik ez dute sustengatzen besteek, baina grebara deitu dituzte langileakurriaren 12rako.
Sindikatuei «ezezko irmo eta lasaiarekin» erantzun die Fillonek
Sei sindikatuk manifestaziora deitu dute heldu den larunbatean eta urriaren 12an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu