Lan istripuak

Sindikatuek azaldu dute lan istripuen aurkako borroka eguna izango dela Martxoaren 3a

Hamahiru langile hil dira aurten, eta martxoaren 3 hartan erail zituztenekin batera gogoratuko dituzte, Gasteizen. Bizitza duinaren alde eta prekaritatearen aurka egingo dute mobilizazioetan.

ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek agerraldia egin dute Gasteizen, Martxoak 3 elkartearekin batera. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko otsailaren 25a
13:28
Entzun

Martxoaren 3an, asteartean, 44 urte beteko dira Espainiako Poliziak Gasteizen bost langile hil eta ehunka zauritu zituenetik. ELA, LAB, ESK eta STEILAS sindikatuek manifestazioa antolatu dute egun horretarako, 19:00etan, Hiltzen jarraitzen gaituzue. Euskal langileok ez dugu barkatuko; ez atzo ez gaur, bizitza duina lelopean. Jone Gibeldi STEILASeko kideak aurten egondako lan istripuak izan ditu gogoan gaur egin duten agerraldian: «Urte honetan inoiz baino modu nabariagoan ari gara ikusten eredu kapitalistak sortutako prekaritatea langileak hiltzeko makineria dela; eredu kapitalista honek erantzun irmoak behar ditu, borrokan oinarritutakoak». Hain zuzen ere, erantsi du aurtengo martxoaren 3a «lan baldintza duinen aldeko eta prekaritatearen aurkako» eguna izango dela; azken batean, «lan istripuen kontrako» eguna. Halere, mobilizazioaren aurretik, Martxoak 3 elkarteak 1976an hildakoak oroitzeko omenaldi egingo du, izen bera duen plazan, 18:30ean.

Izan ere, jada hamahiru diru aurten hildako langileak; azkena, gaur bertan hil da, Murgan (Araba). Lau metrotik behera erori da, birziklatze enpresa batean. Are, gogoan izan behar da Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) oraindik bi langile desagertuta daudela. Gotzon Kortazar LABeko kideak heriotza horrek salatu ditu, eta gaineratu duenez, administrazioa egoera honekin amaitzeko mekanismoak jartzen egon ordez, hauteskundeak prestatzen dabil. «Azken hiru urteotan langile klasearen baitan istripu amaigabeak ari dira gertatzen», gehitu du Kortazarrek; eta, azaldu duenez, heriotza horiek 1976ko sarraskian «eraildakoenekin» lotu nahi izan dituzte aurten egingo diren mobilizazioetan.

Bizitza duin baten alde

Justizia eta errekonozimendua izan dira, besteak beste, azken 44 urtetan eginiko mobilizazioetako lelo nagusiak, baina sindikatuek harago jo nahi izan dute. «Borroka hori ez zen soilik soldata edo lan baldintza hobeagoak lortzeko izan; aldarri nagusietako bat gizarte osoarentzako bizitza duin bat lortzea izan zen», esan du LABeko kideak. Gainera, gogoan izan du urtarrilaren 30ean eginiko greba orokorreko parte hartzea ere. Jakinarazi duenez, pentsiodunak izan ziren grebako «lider» nagusiak; hain zuzen ere, horien artean, martxoaren 3 hartan San Frantzisko elizan borrokan aritu ziren zenbait lagun. «Orain hilabete aldarrikatu genituen eskubide berberak aldarrikatzen aritu ziren ordu hartan ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.