langileen eguna

Sindikatuek greba orokorra eta krisia izan dituzte oinarri gaurko manifestazioetan

Milaka lagun bildu dira ELAk Bilbon egin duen elkarretaratzean. LAB Gasteizen, Bilbon, Donostian, Iruñean, Baionan eta Maulen bildu da, "herriarentzat hain beharrezkoa den gizarte politikaren eta politika ekonomikoaren norabidea aldatzeko”. CCOOk eta UGTk Gasteizen, Donostian eta Bilbon egin dituzte manifestazioak.

2009ko maiatzaren 1a
19:09
Entzun
Maiatzaren Lehen honetan maiatzaren 21eko greba orokorra "berotzeko" atera dira ELA eta LAB sindikatuak kalera. "Kalera atera beharra dago, aski dela esateko eta patronalaren xantaiari aurre egiteko", adierazi du ELAk. Greba orokorra LAB, ELA, ESK, EILAS, Hiru eta EHNE sindikatuek deitu dute.

ELA sindikatua Bilbon elkartu da gaur eta hiriko kaleak zeharkatuko ditu "sindikalgintzaren ahotsa entzun dadin eta greba aurreko atarikoak gure indarraren erakusgarri izan daitezen". Borroka bidean izan da manifestazioko leloa eta milaka lagun batu dira aldarrikapenera. "Egoera larri honetan gobernuen helburu bakarra krisia gatazka sozialik gabe kudeatzea da. Eta hori onartezina da", adierazi du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak.

Muñozek maiatzaren 21eko greba orokorrarekin bat egiteko "arrazoi asko daudela" adierazi du: "Greba orokorra behar dugu eta egingo dugu", azpimarratu du.

LABek ere hainbat manifestazio deitu ditu, "herriarentzat hain beharrezkoa den gizarte politikaren eta politika ekonomikoaren norabidea aldatzeko".

Gasteizen, Bilbon, Donostian, Iruñean, Baionan eta Maulen egin ditu elkarretaratzeak LABek. "Krisia gure gain hartzea nahi duten honetan ere, gogor erantzun behar dugu denok batera", dio LABek. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak adierazi du finantza krisiaren aurrean patronalak erantzukizunez jokatzeko eskatu duela eta "gure erantzuna kalera irtetea da eta greba orokorrean parte hartzea" da.

Bilbon, Iruñean, Arrasaten (Gipuzkoa) eta Tuteran (Nafarroa) elkartu dira ESK sindikatuko kideak. "Krisiaren aurrean gizartearen ezinegona adierazteko", elkartu da ESK sindikatuak.

STEE-EILAS sindikatuak Bilbon egin du elkarretaratzea.

Elkarrizketa sozialaren alde

CCOOk eta UGTk ez dute maiatzaren 21eko greba orokorraren deiarekin bat egiten. Hala ere, Langileen Nazioarteko Eguna dela eta Gasteiz, Donostian eta Bilbon elkartu dira "elkarrizketa soziala" bultzatzeko eta "patronalak lan baldintzak desarautzeko finantza krisiaz baliatu direla salatzeko". Krisiaren aurrean: Lana, inbertsioa publikoa eta babes soziala lelopean CCOO eta UGT sindikatuek batera ospatuko dute eguna. Eusko Jaurlaritzari "lan espedienteak zorrotz aztertzeko" eskatu dio Damaso Casado UGT-Euskadi sindikatuko idazkari nagusiak.

Munduko hainbat hiritan ere manifestazioak egin dituzte langileen eskubideak aldarrikatzeko, eta finantza krisiaren ondorioz horiek jasaten ari diren eraginak salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.