Estu eta larri, baina behintzat bada Alitalia porrotetik salbatzeko itxaropena. Izan ere, akordioa sinatu zuten atzo Italiako Gobernuak, CAI Italiako Aire Konpainiak -enpresa buruen taldeak- eta lau sindikatu nagusiek-CGIL, Cisl, UIl, eta UGL-. Akordioak, hala ere, ez du aire konpainiaren etorkizuna bermatzen, oraindik pilotuek eta hegaldi zerbitzariek oniritzia ematea falta baita.
Salbamendu plan berriak lan baldintza hobeak biltzen ditu langileentzat: besteak beste, langile prekarioekin konpromiso handiagoa hartzea, atseden denboretarako malgutasun gehiago egotea, eta beharginen bat gaixotuz gero babes gehiago izatea. Hala ere, kaleratuko diren langileen kopurua iragarritako berdina izaten jarraituko du: 3.250.
Kostata, baina azkenenan lortu zuten CGIL , salbamendu planaren kontra azaldu den sindikatu bakarra konbentzitzea. Atzo amaitzen zen Alitalia erosteko plana aurkezteko epea, astelehenean Italiako herritarren Abiazioak (ENAC) hegazkin lizentzia kentzearekin mehatxu egin baitzion aire konpainiari.
CGILek ez bezala, CISLek, UILek eta UGLek, planaren alde egin zuten hasieratik, eta baita akordioa sinatu ere. Baina, CAIk Alitalia erosteko eskaintza baztertzea erabaki zuen pasa den astean, hein handi batean, sindikatuen arteko ezadostasunen ondorioz. Salbamendu planean biltzen zenez, CAIk 1.000 milioiren truke erosiko zuen aire konpainia, eta 3.250 lanpostu ezabatuko ziren.
Alitalia estuasunean jarri zen CAIk aire konpainia erosteko plana atzera bota zuen une berean, porrotera joango zela baitzioten iragarpen guztiek. Muturreko egoeran pairatzen dabil Alitalia azken aldian, zor handia pilatu baitu. Egoera aldatu ezean, erregai falta dela-eta hegaldiak bertan behera uzteko arriskua egon daitekeela ere ohartarazi du enpresak.
Sindikatuekin akordioa lortuta, Alitalia salbatzeko itxaropena piztu da
Pilotuek eta hegaldi zerbitzariek oniritzia eman arte ez dago bermatuta enpresaren porrota saihestea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu