Sindikatuen gaurko manifestazioa babestu dute ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak

Jesusen Bihotzetik abiatuko da Bilboko martxa, 17:30ean, eta ekitaldi bat egingo dute udaletxe aurrean

Erredakzioa
2010eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Maiatzaren 19an iragarri bezala, sektore publikoan deitutako greba egunaren atarian, Espainiako Gobernuak laster onartuko duen lan erreformaren kontrako aldarria Bilboko kaleetara aterako du gaur Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak. ELA, LAB, ESK, EHNE, EILAS eta Hiru sindikatuek deitutako manifestazio nazionala Jesusen Bihotzetik abiatuko da, 17:30ean, Murrizketarik ez! Euskal langileok gure etorkizunaren jabe leloarekin. Kale Nagusia zeharkatu eta udaletxe aurrean amaituko da, Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide hizlari izango dituen ekitaldiarekin.

Eragile eta alderdi askoren sostengua jaso du gaurko elkarretaratzeak. Atzo, ezker abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak bat egin zuten deialdiarekin Donostian eginiko agerraldian. Madrilgo Gobernuak eta «Gasteizko eta Iruñeko sukurtsal administratiboak» ezarritako neurriak gaitzetsi dituzte alderdiek, eta Euskal Herrian aldaketa soziala lortzearen alde azaldu dira. Aralarrek ere babestu du martxa, Elkartzen eta Herria Abian herri ekimenek bezalaxe.

Gehiengo sindikalaren bidea

Gehiengo sindikalak iazko maiatzaren 21ean deitutako greba orokorraren jarraipentzat dauka gaurko manifestazioa. Urtebetean, hala ere, beste hainbat mobilizazio eta ekintza egin dituzte sei sindikatuek, hala nola martxoaren 27ko manifestazioak Hegoaldeko hiriburuetan, krisia gainditzeko eta bestelako eredu sozial baten aldeko dekalogoa eta maiatzaren 25eko sektore publikoko murrizketen aurkako lanuztea.

Sindikatuek gogor salatu dituzte egunotan lan merkatuaren erreformak ekarriko dituen ondorioak. Zapaterok «langileen eskubideak zeharo murriztuko» dituen dekretua prestatzen ari dela esan du Adolfo Muñozek, ELAko idazkari nagusiak.

LABek, bestalde, euskal herritarrak «Madrilen egiten dutenaren ikusle hutsak izatera berriz zigortu» dituztela salatu dute. Erreformari buruz orain arte zabaldutakotik, kaleratzea merkatuko dutela eta enpresek kalte-ordainetarako laguntza publikoak jasoko dituztela salatu du sindikatuak.

Banaketa gainditu

Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkariak lan erreformaren «xantaia» salatu zuen atzo Gasteizen. Datorren astean onartuko duten erreformak langileen eskubideei kalteegingo diela uste du eta, horregatik, sindikatuek greba orokorrera deitu beharko dutela. Mobilizazio horretan, alabaina, euskal sindikalismoan «elkarren kontrako programazioa» ezin dela berriz gertatu dio. Hori dela eta, greba orokorrerako eguna adosteko proposamena egin die ELA eta LAB sindikatuei. Mobilizazioak bakoitzak bere kabuz egin arren egun berean egin daitezkeela adierazi du Sordok.



Atxikimenduak

Ezker abertzalea

Aralar

Eusko Alkartasuna

Alternatiba

Gazte Abertzaleak

Elkartzen

Herria Abian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.