SISTEMAREN BESTE GURPILA

JUANAN RUIZ / ARP.
2015eko urriaren 15a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Asko hitz egiten ari da kupoari buruz, baina EAEko finantza sistemak oinarri bat du: Ekarpen Legea.

Zein da sistemaren oinarria? EAEk eta Espainiak dituzten harremanak Kontzertu Ekonomikoak arautzen ditu. Funtsean, zergetan eta finantzaketan EAEk dituen eskumen eta betebeharrak zehazten ditu kontzertuak. Finantza sistemaren gauzatze praktikoa beste bi legek finkatzen dute: Kupoaren Legea eta Ekarpen Legea. Motorra balitz, bi gurpil horien gainean mugituko litzateke Kontzertua.

Zeintzuk dira eskumenak? Zerga bidez EAEn biltzen den diru guztia sartzen da sisteman. Itundutako zergak esaten zaie, Kontzertu Ekonomikoan hitzartuta daudelako. Aldundiek dute zerga arauak onartzeko eskumena, eta herrialde bakoitzeko ogasunari dagokio bilketa egitea.

Zenbat diru biltzen da? 2015rako 13.080 milioi euro biltzea kalkulatu zen. Hamar eurotik lau datoz BEZetik, eta beste 3,5 euro errenta zergatik.

Zenbat doa kupora? EAEko erakundeek jaso ez dituzten eskumenen truke ordaindu beharreko dirua da, baina ez bakarrik —Espainiaren zorpetzetik ere zati bat ordaintzen du EAEk, esaterako—. Espainiak alor horietan egiten duen gastuaren %6,24 ordaindu behar dute Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek.

2015erako kupo likidoa 872 milioi eurotan kalkulatu zuten EAEko erakundeek, baina, zenbait egokitzapen eginda, benetan Madrili ordaindu beharrekoa 796 milioi lirateke. Behin-behineko emaitza da hori, 2007tik kupoaren likidazioak adostu ezinik daudelako Gasteiz eta Madril. Sistemak alde bakarreko arriskua du: zerga bilketa handiagoa edo txikiagoa izateak axola gabe, kupoaren ordainketari berdin egin beharko zaio aurre.

Behin kupoa kitatuta, zer gertatzen da? Ekarpen Legea sartzen da jokoan, Jaurlaritzaren eta aldundien arteko diru banaketa arautzen duena. Zerga bilketaren kalkulua eta banaketa legearen arabera egiten dira. Sistema horrek arrisku partekatua du. Zenbat eta diru gehiago bildu, orduan eta finantza baliabide handiagoak izango dituzte erakundeek banatzeko, eta alderantziz. Esaterako, aldundiren bat espero denaren azpitik geratzen denean —aurten, Bizkaia—, erakunde guztiei geratuko zaie diru gutxiago.

Zeintzuk dira ekarpenak? Jaurlaritzak eskumen gehienak ditu, eta gasturik handiena, baina, zerga bilketa foru ogasunek egiten dutenez, horiek ordaintzeko dirua eman behar diote aldundiek. Bi ekarpen mota daude: orokorra eta bereziak.

Zer da ekarpen berezia? Kontzeptu zehatz batzuen truke aldundiek ordaindu beharrekoak dira. Hain zuzen ere, Ertzaintzaren finantzaketa, ezohiko ogasun gastuak, Hezkuntzaren Lege Organikoaren Garapena, eta eskumen berriak. 2015. urterako 447 milioi euro aurreikusi ziren guztira.

Zer da aldundien ekarpen orokorra? Behin kupoa eta ekarpen bereziak kenduta, geratzen den dirua banatzen da. Diru horretatik %70,04 dagokio Jaurlaritzari. Dena batu, eta hamar eurotik zazpi ematen zaizkio. Koefiziente bertikala esaten zaio horri. 2015rako 8.290 milioi zeuden aurreikusita. Jaurlaritzaren diru iturri nagusia dira aldundien ekarpen horiek hain zuzen.

Nork ordaintzen ditu ekarpenak? Diru guztia batu, eta hortik ordaintzen dira eskumen komunak. Aldundi bakoitzak zenbat jarri behar duen koefiziente horizontalen araberakoa da. Jaurlaritzari zenbat diru eman behar dioten arautzen du horrek. Kalkuluaren %70 herrialde bakoitzak duen errenta erlatiboa erabilita ateratzen da, eta beste %30 zerga ahalegina eta bilketa ahalmena aintzat hartuta. Aldaketa txikiak daude urtetik urtera, baina, arau orokor gisara, ekarpen orokorreko ehun eurotik 50 jarri ohi ditu Bizkaiak, 33 Gipuzkoak, eta 17 inguru Arabak.

Sistemaren desorekak zuzentzen dira? Egokitzapen Funts bat du Ekarpen Legeak. Banatu beharreko diruaren %1 arte izan daiteke, eta horren helburua da herrialde bakoitzari bilketatik gutxieneko kopuru bat bermatzea. Funts hori Jaurlaritzak eta aldundi guztiek hornitzen dute. Aurten 118 milioi ditu aurreikusita. Diru horretatik, 70 milioi Gipuzkoak eraman beharko lituzke, eta Arabak 47 milioi.

Zein da Finantzen Euskal Kontseiluaren egitekoa? Ekarpen Legean ezarritako banaketa egitea dagokio. Jaurlaritzako eta hiru aldundietako ordezkariak elkartzen ditu, eta urtean bi aldiz biltzen da. Urriko bilera da garrantzitsuena, hurrengo urterako zerga bilketaren aurreikuspena egiten delako eta erakundeek aurrekontuetan zenbat gastatuko duten kalkulu horretan oinarritzen dutelako. Bilketak ez badu espero dena betetzen —aurten, esaterako— gastuan murrizketak ezarri behar dituzte erakundeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA