Enpresak

Solarisek hiru kontratu lortu ditu: 30 milioi euro guztira

CAF taldeko konpainiak 29 autobus elektriko egingo ditu Offenbacherako (Alemania), sei Malborkerako (Polonia) eta hogei trolebus Ploiestirako (Errumania).

CAF taldearen Solaris etxeko Urbino 18 modeloa, artikulatua. CAF
Paulo Ostolaza.
2020ko abuztuaren 6a
12:19
Entzun

Hiru kontratu berri eskuratu ditu Solarisek. Joan den urteko uda bikaina izan zen Beasaingo CAF konpainiako autobus elektrikoentzat, eta aurten ere ari dira salmentak egiten: guztira, 30 milioi euro eskuratuko ditu azken kontratuei esker.

Kontraturik handiena Alemaniako Offenbach hirian sinatu du CAFek. 130.000 biztanleko hiri horretarako, 29 autobus elektriko egingo dituzte: 12 metroko hogei Solaris Urbino 12, eta artikulatutako bederatzi Solaris Urbino 18. Solarisek lehendik ere adostua du hiri horretarako zazpi autobus elektriko egitea —urtea amaitu baino lehen entregatzeko asmoa du—, eta eskari berriak 2021eko urrirako entregatzea aurreikusi dute.

Konpainiak Alemanian eskuratu dituen kontraturik handienetan bigarrena da. CAFen arabera, autobus elektrikoen merkatua oso bizkor ari da hedatzen han, eta Solarisen 230 autobus baino gehiago daude errepidean.

Poloniako konpainia bat da Solaris, eta herrialde hartako iparraldean dagoen Malbork hirirako ere egingo ditu sei autobus elektriko. Hiriko garraioa modernizatzeko asmoa du hango udalak.

Errumaniako Ploiesti hirirako, berriz, hogei trolebus egingo ditu Beasaingo enpresak, eta haiek bi urteko epean entregatzeko asmoa du. Jada Solarisen ehun trolebus inguru dabiltza Errumanian, eta, konpainiak adierazi duenez, herrialdeko trolebusen merkatuko liderrak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.