Soldatak KPIaren arabera igotzea adostu dute Bizkaiko janari dendetan

Lehen greba egunaren bezperan lortu du aurreakordioa ELA sindikatuak. 8.000 langileri baino gehiagori eragingo die. LABek ez du babestu ituna.

Harategi bat Bilboko Erriberako merkatuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Harategi bat Bilboko Erriberako merkatuan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko martxoaren 27a
11:45
Entzun

Negoziazio mahaiak hamasei bilera baino gehiago egin ondoren jarri dira ados, eta lehen greba egunaren bezperan: «Erosteko ahalmena bermatzen duten soldata igoerak» izango dituzte Bizkaian elikagaien merkataritzaren sektoreko langileek. ELAk lortu du aurreakordioa patronalarekin, sektorean ordezkari gehien (%38) duen sindikatuak. CCOOk eta UGTk babestu dute. 8.000 langileri baino gehiagori eragingo die.

Itunak atzerako eragina izango du 2023. urtea hasi arte, eta 2025. urtea amaitu arte egongo da indarrean. Lortutako hobekuntzen artean, KPIaren araberako soldata igoerak nabarmendu ditu sindikatuak: 2023an %3,5 igoko dira, 2024an %3,1, eta 2025ean %2. 

Horretaz gain, aurten hiru ordu laburtuko diete lanaldia beharginei, eta beste hiru datorren urtean. Larunbatetako lanaldiak arautzea lortu dute, baita gauez lan egiteagatik jaso beharreko gehigarriak ere. ELAk azpimarratu du hobekuntza horiek lortzea ez zela posible izango sektoreko langileen mobilizaziorik gabe.

LABek ez du babestu aurreakordioa, ez duelako jasotzen ez hobekuntzarik ez «benetako» KPIrik. Ohar baten bidez, kritikatu egin du «mahai gainean ere ez zeuden edukiak» jasotzen dituen akordioa lehen lanuzteen bezperan sinatu izana.

Sindikatuak gogorarazi du Aste Santuko egunak salmenta askokoak izaten direla, eta horregatik zeudela deituta bi greba egun. Asmoa zen patronalari presio egitea eta bermatzea soldatak KPIaren arabera igoko zituela, antzinatasunak desizoztuko zituela, areagotuko zituela larunbatetako jaiegunak eta zaintzarako baimenak eta urteko lanaldiak murriztuko zituela. LABek esan duenez, ELAk adostutako itunak ez du aurrerapausorik ematen gai horietan: «Ez dugu ulertzen izan duen jarrera aldaketa enpresak inoiz baino irabazi gehiago eskuratzen ari diren testuinguruan; grebei esker mahaian indartsuagoak izatea lortuko genukeen».

KPIa baino gehiago

Urtarrilean eta otsailean, guztira 65 itun sinatu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: soldata igoera %4,78 izan da batez beste, iaz (%3,07) baino handiagoa eta otsaileko inflazioa (%3,1) baino puntu eta erdi gehiago. Indarrean dauden itunetan, berriz, %3,39 da soldata igoera. LHK Lan Harremanen Kontseiluak eman ditu datuok, urteko lehenengo bi hilabeteei dagokien txosten soziolaboralean.

Langileek oro har erosteko ahalmena berreskuratu zuten iaz, soldatak KPIa baino gehiago igo baitziren, eta joera horri eutsi zaio urte hasieran ere. Oraindik ez da berreskuratu azken hamarkadan galdutako guztia, baina gertu dago. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.