Sordok «berreginda» ikusten du CCOO, berriro hedatzeko moduan

Gaur, sindikatuaren XI. biltzar nagusian, Loli Garcia aukeratuko dute idazkari nagusi izateko

Unai Sordok Euskadiko CCOO idazkaritza nagusia Loli Garciaren eskuetan utziko du gaur. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2017ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Datozen lau urteetarako estrategia definitzen ari da atzo eta gaur Euskadiko CCOO, Gasteizen egiten ari den XI. biltzar nagusian. Aldaketa garaiak datoz sindikatura. Zortzi urteren buruan, Unai Sordok gidaritza utziko du, sindikatuaren Espainiako idazkaritza nagusia hartzeko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, haren lekua beteko du Loli Garciak, orain arte enplegu eta formakuntza idazkaria izan denak. Batzarrean parte hartzen ari diren 280 afiliatuek gaur bozkatuko dituzte aurrera begirako ildoak eta zuzendaritza berritzeko aurkeztu den hautagaitza bakarra.

Aurrerantz leloa aukeratu du CCOOk biltzarrerako, eta arrazoiak nahiko argi utzi zituen Sordok, egunaren joanean egindako hitzaldi eta agerraldietan. Prentsarekin izandako topaketan, onartu zuen urte «zailak» igaro dituztela, ordezkaritza eta afiliazioa galduta, baina orain sindikatua «berreginda» ikusten du, eta berriro hedatzeko eta galdutakoa berreskuratzeko moduan. Aurrera begira, hiru esparrutan saiatuko dira indartzen: lan osasuna, etengabeko formakuntza eta berdintasuna.

Geroago, oholtzara igo zen idazkari nagusia, azken lau urteotan egindako lanaren balantzea egin eta kudeaketa txostena aurkezteko. Zailtasunei buruz sakonago aritu zen; ordubete baino gehiago iraun zuen mintzaldiak. Krisiak eta lan erreformek testuingurua zeharo aldatu zuten, eta Sordok uste du CCOOri egoera berrira egokitzea «kostatu» zitzaiola. Ordezkaritzan, zortzi hamarren galdu dute. «Ez da pozteko modukoa», onartu zuen, gaur egun LABekin «berdinketa teknikoa» dagoen arren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ELAren atzetik bigarren sindikatu nagusia izateko borrokan.

Enpresa txikietan eutsi diote lehiari, baina 50-250 langile bitarteko enpresetan «huts» egin dute. «LABek koska esanguratsua atera digu hor», ohartarazi zuen Sordok, kontuan hartuta tamaina horretako enpresetan aukeratzen direla ordezkarien %45. Idazkari nagusiak uste du sindikalismoa eskatzera mugatu dutela gehiegitan, horrelako lantegiek benetan erasoaldirako estrategia bat egitea exijitzen zutenean.

Diru sarrerak, behera

Zailtasun horiek sindikatuaren jardunari eragin diote. Orain dela lau urteko biltzarra egin zenean, 52.953 afiliatu zituen CCOOk. Gaur egun, 46.221 dira. Diru sarrerak %15 jaitsi zaizkio, eta galerari aurre egiteko %27 murriztu dute gastu korrontea. 2013an eta 2014an, sindikatuko langileei ez zieten soldata igo, eta 2015ean, %7 jaitsi zieten. Galera hori zuzendua dute jada.

Egoerari aurre egiteko, barne antolakuntzaren aldaketa sakon bati ekin diote azken bi urteotan, konfederazioen egitura egokituta. Gaur egun, kontuak «orekatuta» dituzte, eta gastuaren %80 finantzaketa propioarekin ordaintzen ari dira.

Egoera sozioekonomikoari buruzko interpretazio zabala egin zuen Sordok, eta kritikak izan zituen ELA, Confebask eta Eusko Jaurlaritzarentzat. «ELAk korporatibismoa egiten du, mezu erradikal batekin jantzi nahi duen arren», kritikatu zuen. Patronala, berriz, «azukre koskor baten gisara desegin» dela iruditzen zaio, «ikuspegi estrategikorik gabe».

Jaurlaritzarekin ere gizarte elkarrizketa «eskas» abiatu zela uste du, baina jakinarazi zuen norabide aldaketa Iñigo Urkullu lehendakariarekin egindako bilera pribatu batean bideratu zela. Ondoren, mahaia berriro abiatu, eta gutxiengoan sinatutako itunei babesa emateko konpromisoa hitzartu zuten Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk.

Espainiara jauzi egiteko atarian, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa defendatu zuen. Haren ustez, ona da estatu mailako itunak egotea, baina «oreka» behar da, bestelako negoziazio esparru indartsuak dituzten eremuak ez itotzeko. Enpresaz enpresako negoziazioan sartzeari eta borrokatzeari ere beldurra kendu behar diote, Sordoren aburuz.

Eskua altxatuta bozkatu zen kudeaketa txostena, eta aldeko 190 boto eta 57 abstentzio jaso zituen. Kongresuko lanak eginda, agur esateko hartu zuen mikrofonoa berriro Sordok, hunkituta. Ez zen esku hutsik joan. Lankideek makila bat eta txapel bat oparitu zioten, esker ona adierazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.