Ekintzailetza osasuntsu dago Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian. Hala adierazten du Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak Eusko Ikaskuntzarekin batera argitaratu berri duen GEM txostenak. Herrialde bateko ekintzailetzaren egoera aztertzen du ikerketa horrek, eta azken txostenaren arabera, biztanle ekintzaileen tasa %1,5 hazi zen 2011n. Enpresa jaio berrien kopuruak ere nabarmen egin zuen gora: %56, hain zuzen ere. Etorkizunera begira beste kopuru positibo bat bildu du txostenak: datozen hiru urteetan EAEn ekintzaile potentzialen kopurua %9 haziko da. Orain arte bildu duten daturik onena.
Baina, noski, datu guztiak ezin dira onak izan. Izan ere, 2011n 16.400 enpresa berri sortu ziren, eta 18.400 itxi. Hau da, sortu baino 2.000 enpresa gehiago itxi ziren. Iñaki Peña GEM ikerketaren zuzendariaren ustez, balantze hori «kezkagarria» da, hiru herrialdeetan «enpresen stock apalagoa» dagoelako. Balantze horren ondorioz, 2010. urtean 170.000 enpresa zeuden, eta orain 160.000 daude.
Duela hiru aste ekintzailetza sustatzeko lege berri bat jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzak, eta horrek ekintzailetzari «lagundu» diezaiokela uste du Peñak. Izan ere, enpresa sortzeko hezkuntza eskaintzeko baliabide gehiago jarriko dituzte, erakundeek laguntza gehiago eskainiko, eta finantza erakundeen babesa lortzeko ahalegina egingo du. Orkestrako kideak adierazi du hori dena garrantzitsua izango dela.
Ekintzailetzaren garrantzia
Enpresa kopuruak behera egin duen arren, ekintzailetzak oraindik ere garrantzi handia dauka. Bost urtetik beherako enpresek Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko enpresen %35 dira, eta eskulanak egiten dituzten langileen %20 hartzen dute euren gain. Hau da, 175.000 langile.
Horretaz gain, sortzen diren hamar lanpostuetatik lau enpresa gazteen bidez sortzen dira, eta hazkunde txikia izan ohi dute. Txostenaren arabera, sortu berri diren enpresa gehienek ez dute lau langiletik gorako lantalderik izateko asmorik.
Ekintzaileen ezaugarriak hauek dira: goi mailako ikasketak dituen 40 urteko gizonezkoa, eta 30.000 euroko inbertsioarekin abiatzen dute euren negozioa. Horietatik erdia bakoitzaren patrikatik jartzen dute, eta gainerakoa familiarteko edo lagunen bidez lortzen dute.
Enpresa sortzeko garaian, ekintzaile gehienek «aukera berri bat» ikusi dutelako jartzen dute martxan euren negozioa. Hala ere, beharrak eraginda sortu diren lanpostuen kopuruak gora egin du azken urteetan. Txostenaren arabera, duela bi urte hamarretik bat sortzen zen sustatzaileek lan beharra zeukatelako, eta iaz, berriz, hamarretik bik. «Langabeziak gora egin izanak bere eragina izan dezake», Peñaren ustez.
Sortu baino 2.000 enpresa gehiago itxi ziren joan den urtean EAEn
GEM txostenaren arabera, enpresa berrien kopurua %56 hazi zen, eta biztanle ekintzaileen tasa, %1,5
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu