EAJk eta PSEk urriaren amaieran adostu zuten zerga erreforma aldatuko dute, Euskadi Irratia-k jakinarazi duenez. Adostu dituzten aldaketen artean da Sozietate Zergaren tipoa murriztea. Hala, enpresek ordaindu beharrekoaren ehunekoa %28tik %24ra jaitsiko dute bi urteren buruan. Enpresa txiki eta ertainen kasuan %24tik %20ra murriztu asmo dute tipoa.
Horrez gain, zenbait kenkari eta hobari murriztea ere adostu dute bi alderdiek. Zehazki, ikerketa eta garapenera bideratutako inbertsioengatik enpresek jasotzen dituzten abantailak murrizteko asmoa jaso dute akordioan, eta galerak dituzten enpresentzako kalte ordainak ere apaldu nahi dituzte.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak aurretik adierazia zuen Sozietate Zergaren tipoa murriztuta ere posiblea dela diru bilketari eustea, kenkari eta hobariak apaltzen badira.
PPren iritziz, "norabide onean"
Anton Damborenea PPko legebiltzarkidearen esanetan, EAJk eta PSEk adostu dituzten aldaketek "erraztu" egin dute Jaurlaritzaren aurrekontuen gainean akordioa lortzea. Azaldu duenez, EAJk eta PSEk adostu dituzten aldaketen xehetasunak idatziz jaso ez dituzten arren, proposamena "norabide onean" doala deritzo.
PPk nabarmendu du beharrezkoa dela enpresen "aldeko" marko fiskala, egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dauden enpresak joan ez daitezen, eta enpresa gehiago erakarri ahal izateko. Danborenearen esanetan, aurreko akordioa "kontrako norabidean" zihoan.
ELA, LAB eta CCOO jaitsieraren aurka
ELAren iritziz, "eskandalua" da EAJk eta PSEk Sozietate Zergaren tipoa murrizteko egin duten akordioa. Sindikatuak adierazi du "atzerapausoa" dela justizia soziala lortzeko bidean. "Gobernatzen gaituztenek patronalaren eta kapitalaren interesen menpeko eredu soziala ezartzen dute, eta ez dute onartzen horri buruz eztabaidatzea", salatu du. Iruzur fiskalari aurre egin eta "azken urteetan onartutako beherapenak" indargabetu beharrean, Sozietate Zergan jaitsiera bultzatu izana kritikatu du ELAk.
LABen esanetan, zergaren jaitsierak "patronalari bakarrik" egingo dio mesede. Sindikatuak ziurtatu du EAJk "gustura" onartu duela Sozietate Zerga jaisteko PPren baldintza, "bi indarrek gizartearen kontrako eskuineko proiektu liberala" babesten dutelako. LABek aurrekontu proiektua baztertzeko galdegin dio Jaurlaritzari eta iruzur fiskalari aurre egingo dion zerga erreforma progresibo baten alde agertu da.
Akordioa "kezkagarria" da, CCOOren hitzetan. EAJk eta PSEk zerga eredu "justuagoa" lortzeko "aukera garrantzitsu bat" galdu dutela nabarmendu du sindikatuak. CCOOk salatu egin du soldatak eta zerbitzu publikoak murriztu ostean, "ustezko suspertze ekonomikoa" iritsi denean, "lehen aukeran enpresen irabaziak handitzea". Horrez gain, ohartarazi du EAEko Sozietate Zergaren tipo erreala estatuko batezbestekoa eta inguruko herrialdeetakoa baino txikiagoa dela.