S&Pren 'oparia' EBri

Greziaren zorraren ordainketa atzeratzea «porrot» izendatuko lukeela esanez, plana lurperatu du agentziak

Iker Aranburu.
2011ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Europako Batasunak uste zuenean Greziak bere finantza arazoei aurre egiteko denbora pixka bat irabazi zuela, Standard & Poor'setorri zaio gauzak are gehiago nahastera. Kalifikazio agentziak atzo ohartarazi zuen «porrot» izendapena eman beharko diola Greziako zorrari, baldin eta Frantziako eta Alemaniako bankuek ontzat hartzen badute zor zaien dirua beranduago jasotzea. Bruselak garrantzia kendu dio S&Pren oharrari, nahiz eta plana gaur egun dagoen moduan aurrera ateratzea oso zaila egiten duen.

S&Pren abisuaren atzetik etor daiteke beste bi kalifikazio agentzia nagusiena ere. Financial Times egunkarira bidalitako gutunean, Fitchek dagoeneko ohartarazi du«porrot itxura badauka» porrot gisa deklaratuko» duela. Hirugarren rating agentzia nagusiak, Moody'sek, ez du artean ezer esan.

Arazoa semantikatik harago doa, eta oso ondorio txarrak izan ditzake Greziarentzat eta hartara, EB osoarentzat ere. Izan ere, Europako Banku Zentralak debekatuta dauka porrot izaera duen finantza produktuak onartzea berme gisa. Baina azken urteotan, bankuei likidezia laguntzak eman dienenean, berme gisa onartu izan du Greziaren zor publikoa. Greziako bankuei eragingo lieke batez ere horrek, haiek dutelako, proportzioan, beren herrialdeko zor publiko gehien. Hortaz, zaila izango lukete EBZri laguntza eskatzea eta, gainera, beren kontuetan duten zor publikoaren balioa asko jaitsiko litzaiekenez, beren baliabideak xurgatuko beharko lituzkete galerak estali ahal izateko.

Greziakoen atzetik, Frantziako bankuek dute bere esku Atenasko gobernuaren zor gehien. Horregatik, Nicolas Sarkozy presidenteak bultzatuta, ekainaren amaieran onartu zuten hurrengo hiru urteotan Atenasek pagatu behar zien zorraren zati bat 30 urteko bono berri batean inbertitzea. Halaber eskaini dute orain itzuliko zaien dirua bost urteko bono berrietan inbertitzea. Alemaniako bankuek ere ontzat hartu dituzte proposamenak.

Beste plan bat nahi du S&Pk

S&Pk, ordea, ohartarazi du proposamen bata zein bestea «porrot» gisa jo beharko lituzkeela. Zehazki, aipatu du 30 urteko bonoak ez direla ohikoak zor publikorako, eta are gutxiago uneotan hain sinesgarritasun gutxi daukan herrialde baterako. Proposamenak gauzatu ez direnez, rating agentziak ez dio kalifikaziorik eman eta eskatu die Europako agintariei beste planteamendu bat egiteko.

S&Pren oharrari erantzunez, Europako Batzordeak gogorarazi du artean ez dela erabakirik hartu eta ez duela ordainketa eza dakarren proposamenik egingo. «Euroguneko Ekonomia ministroen helburua da, hain zuzen ere, era horretako [porrot] egoerak saihestea», esan zuen Amadeu Altafaj bozeramaileak. EBk espero zuen zorraren ordainketaren atzerapenaren ondorioz 30.000 milioi euro bildu ahal izango lituzkeela Greziaren bigarren erreskatearentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.