Suezko kanala blokeatu zuen itsasontzia abiatu da

Joan den martxoaren amaieran sei egunez kanaleko nabigazioa guztiz blokeatu zuen Ever Given kargaontziak. Egiptoko agintariek eta ontziaren jabeak akordio bat lortu ondoren, Mediterraneo itsasorako bidea hartu du.

Ontzia, atzo. KHALED ELFIQI / EFE
Igor Susaeta.
2021eko uztailaren 7a
17:59
Entzun

Munduko merkataritzarako puntu giltzarrietako bat da Suezko kanal berria (Egipton), eta joan den martxoaren 23an hura blokeatu zuen itsasontzi erraldoi batek, hondoa jo baitzuen. Sei egunez kanaleko nabigazioa guztiz blokeatu zuen Ever Given-ek, munduko kargaontzi handienetako batek —400 metro luze eta 59 metroko zabal da, eta 224.000 tonako edukiera du—. Martxoaren 29an libratu zuten kanala, baina itsasontzia Egipton atxikita eduki dute hango agintariek. Hiru hilabete pasa geroago, ordea, Panamako bandera duen ontziaren jabe japoniarrak eta Egiptoko agintariek akordio bat lortu dute, eta Ever Given-ekgaur hartu du Mediterraneo itsasorako bidea.

Suezko kanaletik igarotzen da munduko merkataritzaren %12, eta, horrenbestez, Euler Hermes aseguru etxeak kalkulatu zuen blokeok 6.000 eta 10.000 milioi dolarreko kostua eragin ziola, eguneko, munduko merkataritzari. Bi aldeen arteko negoziazio batzordeko kide batek kazetariei adierazi dienez, ontziaren jabeak «diru kantitate bat eta atoiontzi bat» eman dizkio Suezko Kanaleko Agintaritzari, konpentsazio gisa.

Agintaritzaren arabera, kanala blokeatuta egon zen egunetan 72 eta 90 milioi dolar artean galdu zituen agintaritzak, eta hasieran 916 milioi dolarreko konpentsazioa eskatu zuen, baina negoziazioetako iturriak aipatuz nazioarteko hedabideek kaleratu dutenaren arabera, kalte-galerengatik eskatutako diru kopurua 550 milioi dolarrera murriztea onartu zuen.

Mediterraneo itsasorako bidea hartu du ontziak, eta ontziak daraman merkantzia kudeatzen duen enpresaren bozeramaileak adierazi du lehen geldialdia, ikuskaritza bat egiteko, Port Saiden egingo duela (Egipto), kanalaren iparraldeko sarreran —kanalaren hegoaldeko muturrean gelditu zen gurutzatuta—, eta ondoren zehaztu gabeko portu batera joko duela. Txinatik atera zen, eta, hasietan batean, Rotterdamera (Herbehereak) zihoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.