Suak erabat erre du Getariako (Gipuzkoa) Agerre Berri baserriaren gaztandegia eta kalte material handiak eragin. Milaka kilo gazta galdu dira eta hamabost ardi erre, 400dik gora salbatu dituzten arren. Oraindik argitzeko dauden arrazoiengatik, atzo arratsaldean piztu zen sutea Askizu auzoan dagoen baserriaren pareko pabilioietako batean, gero beste bi pabilioitara zabaldu zen, eta kea kostaldeko hainbat tokietatik ikus zitekeen. Gaur goizean suhiltzaileak oraindik lanean daude pabilioiko sua erabat itzaltzeko.
Atzo, gaztandegiaren jabeek eurek abisatu zituzten larrialdi zerbitzuak 18:30ak inguruan, eta sutearen neurriarengatik lau parketako suhiltzaileak aritu ziren jardunean, Zarauztik, Azpeititik, Eibartik eta Goierritik bertaratuak. 22:30ak inguruan lortu sua kontrolpean hartzea.
Getariako Askizu auzoko Agerre Berri baserrian Itsasegi izeneko Idiazabal sormarkako gazta ekoizten dute.