Espainiako Ogasun Ministerioak emandako datuen arabera, %1,5eko superabita izan zuen Euskal Autonomia Erkidegoak (1.074 milioi euro); Nafarroak, berriz, %1,22koa (241 milioi). Biek aise bete dute, beraz, Espainiako Gobernuak finkatutako helburua, %0,6ko defizita.
Espainiak, berriz, %3,07ko defizita izan zuen, eta %3,11koa bankuei emandako laguntza batzuk kontuan hartuta. Horrenbestez, Europako Batzordearekin finkatutako %3,1eko defizita bete du Espainiak.
Aurten ere erkidegoen eta udalen ahaleginari esker lortu du Espainiak bere defizita txikitzea. Udalek eta tokiko beste erakundeek (diputazioek) superabita izan dute, BPGaren %0,59 hain zuzen ere.
Erkidegoek, berriz, %0,6ko defizit muga zuten, eta %0,32ra jaitsi dute. Defizita ez, superabita izan dute Euskal Autonomia Erkidegoak (%1,5) eta Nafarroak, kupoari eta ekarpenei buruzko desadostasunak konponduta, Madrilek zor zien dirua itzuli dielako.
Bilakaera kaskarragoa dute administrazio zentralak (%1,9eko defizita, iragarritako %1,1aren gainetik), eta Gizarte Segurantzak (%1,48ko defizita, esperotako %1,4aren gainetik).
Frantziak, %2,6
Frantziak, berriz, lehen aldiz 2007az geroztik lortu du defizita %3ko mugatik behera jartzea —hori da Egonkortasun Ituna gehiegizko defizit gisa jarritako muga—. Inseek gaur azaldu duenez, hazkunde ekonomiko uste baino bizkorragoak (+%2) kalkulatutakoa baino gehiago handitu du zerga bilketa, %4 hain zuzen ere. Horri esker, urtebetean %3,4tik %2,6ra txikitu du defizita Frantziak. Kopuru osoetan, kutxa publikoetan sartu baino 59.300 milioi euro gehiago gastatu dituzte errepublikaren instituzio publikoek.
Defizita txikitu arren, Frantziak ez du lortu zor publikoa gutxitzea. Jada 2,22 bilioi euro dira, 2016an baino 66.000 milioi gehiago. BPGaren %97 da hori.
Defizita %3tik behera jaistea zen Emmanuel Macron Frantziako presidentearen helburu nagusietako bat, erakutsi nahi baitzien EBko beste kideei —eta Alemaniari bereziki— serio hartzen zituela Europarekiko hartutako konpromisoak. Legimititate horrekin joan nahi zuen beste bazkideen aurrera, bateratze prozesua gehiago indartzeko prozesu bat eskatzera. Macronen asmoek eta proposamenek erresistentzia handiak aurkitu dituzte, Europa iparraldean batez ere.