Beste Volkswagen kasurik ba al dago? Joan den irailaz geroztik galdera hori egiten diote beren buruari herritar askok eta iruzurrak eragoztea eta zigortzea betebehar duten agintariek. Europako autogilerik indartsuenak iruzur egin badu gas kutsagarrien isurketak ezkutatzeko, zer ez zuten egingo autogile ahulagoek? Sektoreak Volkswagenen zaurian ez arakatu izanak susmoak hauspotu ditu, baina oraindik ez dago salaketarik beste autogileen aurka. Ikerketak, ordea, ugaritu dira, eta horien berri emate hutsak sektore osoa aztoratzen du. Renaulten txanda izan zen atzo: DGCCRF Frantziako Lehiaren, Kontsumoaren eta Iruzurren Jazarpenaren Zuzendaritza Nagusiko ikerlarien bisita jaso zutela zabaldu zenean, alarmak piztu ziren, eta burtsan sekulako danbatekoa jaso zuen. Ez zen burtsen zigorra jaso zuen Europako autogile bakarra: Fiatek %10 galdu zuen, AEBetako kontzesionarioei salmentak puzteko eskatu ziela kaleratu baitzen.
Ukoak iritsi ziren berehala Paristik eta Turindik. CGT sindikatuak aurreratutako informazioa baieztatu eta urtearen hasieran Frantziako Gobernuko ikertzaileen bisita izan zuela aitortu zuen Renaultek. Zehazki, egoitza nagusian eta Lardyko eta Guyancourteko zentro teknikoetan agertu ziren, eta motorren arduradunen ordenagailuak atzeman zituzten.
Baina oraingoz irregulartasunik ez dutela aurkitu nabarmendu zuen Renaultek. Agiri baten bidez jakinarazi zuen UTAC erakunde independentea ehun ibilgailu ari dela aztertzen Frantzian, horietatik Renault markako 25. Dagoeneko 11 autoren gaineko ikerketak amaitu dituzte, horien artean Renaulten lau. Irregulartasunik ez dutela aurkitu dio Renaultek. «Berri ona da».
Irailean zabaldu zen hainbat urtez Volkswagenek bere 11 milioi autoren motorretan software bat ezarri zuela NOx gasaren isurketak ezkutatzeko. Harrezkero, Frantziako Gobernua bereziki aktiboa izan da ikerketetan. Batetik, bere markek dieselaren alde egindako apustuarengatik bereziki kaltegarri delako haientzat motor horiei susmopean jartzeak. Bestetik, auto industria handia baina aldi berean ahula duelako, asko sufritzen ari dena lehiakide korearren —behetik— eta alemaniarren —gainetik— aldean.
Eragina, sektore osoan
Segolene Royal Ekologia ministroak ere adierazpenak egin zituen atzo, argitzeko Renaulten eta gainerako auto marken kasuan ez dela iruzurrik aurkitu, VWen kasuan salbu —gogoratu behar da Frantziako Estatua dela Renaulten akziodun nagusia, haren kapitalaren %19arekin—. Ikerketaren berri jakinaz batera Renaulten balioa burtsan %20 hondoratu bazen ere, iruzurraren ukoaren ostean %10,28raino txikitu zen danbatekoa.
garai txarrean datozkio susmoak Renaulti. Hainbat urtez merkatu kuota galtzen aritu ostean, modelo berriekin eta berrituekin salmentei bultzada bat eman nahian zebilenean. Baina ikerketak eragindako kolpea ez du soilik Renaultek hartu burtsan, autogintzako sektore osoak baizik: PSA Peugeot Citroen %5,05 hondoratu zen —Renault baino egoera ahulagoan dago, merkatu kuota gehiago galdu du, eta Parisen eta Txinako Dongfeng-en esku hartzeari esker salbatu da—; Michelin pneumatikogilea, %1,6; eta autoentzako osagaiak egiten dituzten Faureciak eta Valeok, %3,84 eta %4,02, hurrenez hurren.
Italiako Fiat-ek ere egun beltza izan zuen atzo burtsan, %9,83ko galerekin, baina Frantziako ikerketagatik baino gehiago, AEBetako salaketengatik.
Susmo txarren zaparrada
Frantziako Gobernuak Renaulten egoitzak miatu dituela jakin ostean, auto konpainiak %20rainoko galerak izan ditu burtsan.Isurien iruzurrik ez du aurkitu Parisek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu