Swarovskiek flotatzen dute

Urtez urte gero eta gurutzaontzi gehiago ari dira Bilboko portua erabiltzen. Aurten 80tik gora izango dira, eta horietako bat da 'MSC Fantasia'. 333 metroko ontzian turismo eredu horren xelebrekeria guztiak aurki daitezke.

MSC Fantasia gurutzaontziko harrera. M. D. V. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Getxo
2023ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Swarovski kristalekin apainduriko eskailerak harreran, zergarik gabe jokatzeko nazioarteko uretan irekitzen den kasinoa, 60 herritartasun ezberdineko langileak, nahi beste igerileku, eta zerbitzari propioa duten 71 luxuzko logela. MSC itsas konpainiaren Fantasia ontzi erraldoian Euskal Herrira gero eta gehiago iristen ari den bidaiatzeko modu baten xelebrekeria, bertute, gabezia eta berezitasun guztiek egiten dute bat: gurutzaontzien turismoa.

Aurten 80 gurutzaontzik baino gehiagok egingo dute geldialdia Bilboko portuak haientzat egokituriko kaian, Getxon. Iaz 78 izan ziren; 2016an, pandemia aurreko urterik oparoenean, 61; eta 2009an, 30. Aurten, irailean egongo da mugimendu gehien, hogei ontzi iritsiko baitira. Portua ahalegin betean dabil kopuru hori handitzeko, batez ere neguan, baina neguan Kantauri itsasoa gurutzatzea ez da beti gozagarri.

«Ezagut gaitzatela da garrantzitsuena», azaldu du Gloria Frau Bilboko Portu Agintaritzako arduradunak: «Konpainia batek portu batean lehorreratzea erabakitzen duenerako xehetasun asko begiratzen ditu. Baina gu ezagutzen gaituenak errepikatu egiten du, lotu egiten dugu». Norwegian Cruise da Bilboko portuan lan gehien egiten duen taldea. Bere hiru konpainietako 22 gurutzaontzi etorriko dira aurten. MSC Fantasia da bigarrena, eta munduan dituen 300 ibilbideetatik seik egingo dute geldialdia Bilbon. Konpainia italiar-suitzarra da, gurutzaontzi gehien mugitzen dituen bosgarrena, eta urriaren 30ean Bilbotik irten eta Mediterraneoa gurutzatuz Dubaira joango den bidaia bat antolatu du.

Zazpi ordu Bilbon

Fantasia MSCren 22 gurutzaontzietako handienetakoa da, eta atzo Bilbon egin zuen etenaldia baliatuta ateak ireki zizkion BERRIAri. 333 metroko luzera, 38 metroko altuera —hamazazpi solairu ditu eta 1.637 kamaroteko ontzi erraldoia da. 4.300 bidaiarirentzako tokia du, eta 3.000rekin iritsi da, gehienak Alemaniakoak. Hanburgotik atera eta Bartzelonarantz doa. «Uda Europa iparraldean egin ondoren, ontzia neguan Mediterraneora doa. Bidaia horiek eskaintza bereziak egiteko baliatzen ditugu. Bidaia luzeagoak dira, hogei egunetik gorakoak, eta kostua 90-100 eurokoa da egun eta bidaiari bakoitzeko». Azalpena Sofia Basterra MSCko ordezkariarena da.

Bidaiari gehienak ontzitik atera ziren atzo. 09:00etan irten eta 16:00etarako bueltan ziren. «Gurutzaontzietako turistek errepikatu egiten dute, eta, hiri bat ezagutzen badute, ez dira ontzitik irteten. Bilbo, baina, ezezaguna da askorentzat», nabarmendu du Basterrak. Konpainiak txango ezberdinak antolatzen ditu geldialdi bakoitzean. Atzo, esaterako, Bilborako, Donostiarako eta Errioxako upategi baterako txangoak eskaini zituen. Hori zazpi ordu eskasean. Bilboko portuakonartu du erronka handietako bat geldialdi horien iraupena luzatzea dela.

Gurutzaontzia ur gainean dabilen luxuzko hotel bat da. Dantzalekuak ditu, tabernak, jatetxeak, igerilekuak... Garbitasuna muturrekoa da, eta kontsumismoa arnastu daiteke. 71 luxuzko logelak dira pastelaren ginga eta Madagaskarreko maiordomo batek erakutsi dizkie kazetariei. 1.370 langile ditu ontziak, 60 herrialdeetakoak. Ontziaren bandera Panamakoa da; kapitaina, italiarra; haren bigarrena, kroaziarra, eta zerbitzari eta garbitzaile gehienak Asiakoak eta Afrikakoak dira.

Nolakoak dira lan baldintzak? Basterrak erantzun du: «Oso ezberdinak, maila asko daude. Baina ez dugu langilerik aurkitzeko arazorik. Ostalaritzako baldintzak dira, eta mantenua eta etxea ordaindu gabe. Nik Euskal Herriko edozein gazteri aholkatuko nioke urte batez edo biz gurutzaontzi batean lan egitea, edozein zereginetan. Hala esan nien nire anaiei». Basterra Getxokoa da.

Kutsadura?

Europako hainbat hiritan gurutzaontziei mugak ezartzen hasi dira. Bi dira arrazoiak: kutsadura eta turista oldeak. Bilbo, oraingoz, urrun dago, esaterako, Bartzelonak urtean dituen kopurutik: gurutzaontzietako 2,2 milioi turista. Kutsadura, aldiz, hor dago. Basterrak, baina, azaldu du gutxitu daitekeela, eta portuek ere badutela erantzukizuna: «Fantasia 2008koa da, eta gasolioa erretzen du. Baditugu ontzi berriagoak gas likidotua erabiltzen dutenak, eta baita biogasarekin dabilen bat ere. Hori bai, portuan gaudenean sare elektrikora lotzeko egokituta gaude, kutsadura murrizteko, baina portuen %2 bakarrik daude elektrifikatuak. Bilbokoa, esaterako, buru-belarri dabil horretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.